Mugikortasun arazoak dituztenendako laguntza tresna berriak erosi ditu Bergarako Udalak

Mirari Altube Arrese 2014ko api. 10a, 14:11

Mendekotasunen bat duten herritarren beharrei bizkor eta era egokian erantzun ahal izatea du helburu Bergarako Udalak eta hori bermatzeko material berria erosi du, hala nola, bainurako aulkiak, garabiak eta oheak. Gainera, hitzarmena sinatu du Estella ortopediarekin zerbitzua osatzeko.

Arrazoi ezberdinak tarteko mugitzeko arazoak dituzten herritarrei laguntzeko programa du Bergarako Udalak orain dela hamabi bat urtetatik. Iaz, esaterako, 23 herritarri eman zien laguntza, eta horien artean 26 elementu tekniko banatu zituen, tartean, oheak, garabiak eta makuluak.  Orain premia duten herritar horiei erantzun hobea eta bizkorra emateko material berria erosi dute eta aurkeztu.

Aldundiaren programaren osagarri

Aldundiak ere badu ezintasunak dituzten horiei laguntzeko programa, baina sarritan motel erantzuten dute horiek. Eta Udalaren laguntza horren osagarri da.

Iaz 67 bergararrek eskatu zuten laguntza Aldundian eta horietatik 41ek jaso zuten. Bostek laguntza berreskuragarria, hau da, ondoren itzuli egin zuten materiala. 12 lagunek itzuli ezin daitekeen laguntza, etxean obra txikiak esaterako, eta beste 24k biltegitik jaso zuten materiala. Guztira, 16.690 euroko kostua izan zuten.

Bergarako Udalak orain erositako materialarekin Mizpirualde egoitzako biltegian duena berritu eta osatu egin du. Hona erositakoa: 3 somier elektriko artikulatu; oheetarako 3 barandila; bainuontzirako 2 jarleku; dutxarako 2 aulki; 2 garabi; eskailerak igotzeko jarlekua; plataforma mugikorra; eta segurtasun gerrikoa.

Bergaran bertan erosi dituzte, Estella ortopedian, eta 9.500 euroko kostua izan dute.

Hitzarmena zerbitzua osatzeko

Orain, gainera,  laguntza programa hori osatu egin dute. Izan ere, orain arte Mizpirualdeko biltegitik norberak eroan behar zuen materiala etxera. Hemendik aurrera, Estella ortopediakoak arduratuko dira, behar den materiala biltegitik etxera eroan eta muntatzeaz. Materiala zelan erabili eta zaindu aholkuak ere emango dizkiete erabiltzaileei. Eta hori gehienez ere 48 orduko epean izango da.

Laguntza horien premia duenak Gizarte Zerbitzuetara jo beharko du, eta horren bitartez Aldundira eskaera egin. Eta premia hori lehenbailehen erantzun beharrekoa bada Udalak berak emango dio laguntza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak