goiena.eus

Jende ugari bildu da Bergaran 'Guztiok Jon, Iker eta Yararekin' izeneko jaialdian

 Bergara GAURKOAK

Dantza ikuskizunak, artisau azoka, opari zozketa eta hitzaldia izan dira zapatu arratsaldez Bergarako frontoian. Ana Belen Martinez, Iker Galan haurraren amak modu "oso positiboan" baloratu du gaurko jaialdia. Gaixotasun mitokondrialen ikerketarako dirua batzeko izan da.

[ARGAZKIAK]

Guztiok Jon, Iker eta Yararekin jaialdia egin zuten zapatuan Bergarako frontoian. Gaixotasun mitokondrialak ikertzen jarraitzeko dirua biltzea zuen ekimen honek helburu moduan, eta Ana Belen Martinez, Iker Galan haurraren amak esan zuenez, asmoak bete egin ziren. "Jaialdiraren oso balorazio positiboa egiten dugu, jende ugari hurbildu da frontoira, eta etorri izan ez duten askok ere sarrerak erosi dituzte elkartasun seinale moduan" esan zuen ama bergararrak.

Iker, semea, ospitalean ingresatuta du Ana Belen Martinezek duela hiru astetatik, eta horregatik umeak ezin izan zuen bere aldeko jaialdian egon. Han izan ziren ordea, Jon eta Yara haur bizkaitarrak. Hirurek gaixotasun mitokondrial sendaezinak dituzte, eta bizi itxaropen motza ematen diete medikuek.

Duela urte batzura arte, gaitz hauek ikertzeko diru laguntzak ematen zituen gobernuak, baina murrizketekin ikerketarako aurrekontuak kendu dituzte. Horregatik, zientzilarientzat dirua biltzea da orain gaitz mitokondrialak dituzten haurren familien asmo nagusia. Horretarako, Bergarako dendek emandako produktu saskien zozketa egin zuten zapatuan, eta artisau azoka ere jarri zuten. Honez gain, sarrerako dirua ere gaixotasun hauen ikerketarako bideratu zuten antolatzaileek.

Erakundeei kritika

Ikerketarako diru laguntzen murrizketengatik erakunde publikoen kontrako kritika egin zuen Ana Belen Martinezek. Bere ustetan "erakundeek kontzienziazio maila altuagoa erakutsi beharko lukete horrelako gaixotasunak dituzten umeen aurrean". Gaitz mitokondrialak ikustarazteko beharraz ere mintzatu zen Martinez. Gaixotasun hauek "edozein pertsonatan eragin dezaketela" gogorarazten du berak, eta hori askotan "ahaztu egiten dugula" uste du gainera.

Jasotako babesarengatik pozik, antolakuntzan parte hartu zuten pertsona guztiei eskerrak eman nahi izan zien Ana Belen Martinezek jaialdia amaitutakoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa