Espainiako bandera jarri behar izan du Bergarako Udalak eta "inposaketa" horren aurkako mozioa onartu dute

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko api. 1a, 16:41

Bergaran ohiko osoko bilkura egin zuten atzo, astelehena. Mozioek hartu zuten protagonismoa eta aurkeztu ziren bost mozioak onartu zituzten. Esaterako, Espainiako bandera jarri behar izan du Udalak berriki bai osoko bilkuren aretoan eta baita udaletxean ere, eta “inposaketa” horren aurkako mozioa onartu zuten.

2013ko otsailean abiatu zen prozesua Bergarako Udalak 39/1981 Banderen Erabilpen Legea betearazteko agindua jaso zuenean. Horren arabera, Espainiako bandera Udaletxean ikusgarri egon behar zen, lehentasunezko espazio batean, bai barrualdean eta baita kanpokoan ere.

Agindu hari erantzuteko Udalak Espainiako bandera jarri zuen Udaletxeko balkoian eta osoko bilkuren aretoan, beste 54 herrialde eta naziotako banderekin batera. Baina ikerketa abiatu eta gero, epaileak erabaki du Udalak hartutako neurriak "kosmopolitatasun sano" bat erakusten badu ere, ez dituela jatorrizko sententziaren betearazpenak betetzen.

Hori horrela eta epailearen agindua betetzeko Espainiako bandera gainontzekoengandik bereizi eta "ikusgarriago" jarri behar izan du Bergarako Udalak.

Espainiako banderaren "inposaketaren" kontrako mozioa

Gai horri buruzko mozioa aurkeztu zuen hain zuzen EAJk atzo egin zen ohiko osoko bilkuran. Bildu eta EAJren aldeko 14 botorekin eta sozialisten ezezko botoarekin onartu zen mozioa. Eta bertan adierazi nahi izan zuten “behartuta” jarri behar izan dela bandera udaletxean. Are gehiago, mozioan onartu zuten plaka bat jarriko dutela udaletxearen sarreran eta bertan hauxe irakurri ahal izango dela: Udalbatzaren gehiengoaren borondate demokratikoaren aurka jarri dutela bandera espainiarra udaletxean.

Mozioa esan moduan, onartu egin zen baina gaiak ika-mika sortu zuen Udal gobernuaren eta oposizioaren artean. EAJk Udal gobernuari egotzi zion kontua “isilpean” eraman dutela.

Hauxe azaldu zuen Aintzane Oiarbide EAJko bozeramaileak: "Argi eta garbi dago Bergarako gobernu taldeak Espainiako bandera ipini duela inolako errekurtsorik azaldu gabe eta herriari inolako deklaraziorik egin gabe. Bigarren epaia iritsi denean, hartu eta isil-isilik ipini du bandera espainiarra inori ezer esan gabe. Gu harrituta gelditu gara erabat ezker abertzaleko gobernu batek espainiar bandera horrela jartzean, isil-isilik eta ezer aipatu gabe, eta inorekin ezer adosteko intentziorik gabe".

Jaione Isazelaia alkateak, berriz, hauxe erantzun du: "Isilpean? Ez, inolaz ez. Nola jardungo dugu isilpean? Horren berri eman da. Guk esan genuen halabeharrez derrigortuta jartzera gindoazela bandera espainiarra. Eman da tokiko gobernuan horren berri. Isilpean? Nola mantenduko dugu hau isilpean? Gero egin duguna da behingoz ipini, ipini egin behar zelako".

Beste lau mozio onartuta

Espainiako banderaren inguruko mozio hori onartzeaz gain, beste lau mozio ere onartu zituzten. Udalen Euskal legea sustatu eta onartzearen aldekoa, Euskal selekzioaren aldekoa, Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen Duintasuna elkarteak aurkeztutakoa eta SOS Arrazakeria erakundearena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak