Pasa de urteko otsailean Udalak 39/1981 Banderen Erabilpen Legea betearazteko agindua jaso zuen. Horren arabera, Espainiako bandera Udaletxean ikusgarri egon behar zen, lehentasunezko espazio batean, bai barrualdean baita kanpokoan ere.
Agindu honi erantzuteko Udalak Espainiako bandera jarri zuen Udaletxeko balkoian eta osoko bilkuren aretoan, beste 54 herrialde eta naziotako banderekin batera -egun 55- Kurdistango bandera ere jarri dute-eta. Udalak hartutako neurriak jasotako agindua betetzen ez zuelako salaketa jaso eta gero, epaileak ikerketa abiatu zuen. Epailearen ustez, Udalak hartutako neurriak "kosmopolitatasun sano" bat erakusten badu ere, ez ditu jatorrizko sententziaren betearazpenak betetzen.
Honela bada, epailearen agindua betetzeko Espainiako bandera gainontzekoengandik bereizi eta "ikusgarriago" jarri beharko du Udalak. Dena den, gainontzeko 55 banderak egun dauden toki berean mantenduko dituzte.
Gertaeraren kronologia laburra:
- 2013/02/15: Bergarako Udalak 39/1981 Legea (Banderen Legea) betetzeko epailearen agindua jaso zuen: Espainiako banderak Udaletxean ikusgarri egon behar du "nabarmendutako, ikusgarritasunezko eta ohorezko" espazio batean, kanpoko aldean eta barruko aldean.
- 2013/02/06: Bergarako Udalak jatorri desberdineko bergararrei dei egin zien euren jatorrizko herrialdeetako banderak Udaletxean ikusgarri egoteko proposa zitzaten.
- 2013/03/20: Bergarako Udalak Espainiako bandera jarri zituen Udaletxeko balkoian eta pleno aretoan, beste 54rekin batera.
- 2013/03/23: Bergarako Udalak Ikurriñari omenaldia egin zion.
- 2013/05/31: Bergarako Udalak epailearen errekerimendua jaso zuen Udalak aginduaren betetzeari buruzko txostena aurkezteko, agindua egokiro ez bete izana egotzi baitzitzaion Udalari.
- 2013/06/12: Bergarako Udalak txostena bidali zion epaileari hartutako neurriak epailearen agindua betetzen zuela argudiatuta.
- 2014/01/09: Bergarako Udalak agindua bete ez zuela ebatzi zuen epaileak.
- 2014/02/04: Bergarako Udalak epailearen ebazpena jaso eta legea betetzeko behin betiko agindua jaso zuen.
- 2014/03: Bergarako Udalak epailearen agindua betetzeko neurriak hartuko ditu.