San Joxepe, erretiratuen aisialdi aktibo baten alde

Imanol Gallego 2014ko mar. 28a, 18:46

Bergarako San Joxepe erretiratuen elkarteko kideek urteko batzar orokorra egin zuten eguen arratsaldean, erretiratuen egoitzan. Bertan pasa den urteari errepasoa emateaz gain, aurten egingo dituzten ekintzen berri eman zieten bertaratu ziren bazkideei.

Zuzendaritzako hiru kide berri onartzeko ere balio izan zuen batzarrak. Aurreko bilerako akta onartuz hasi zuten bilera, eta horren ostean, zuzendaritzak 2013. urteko balantzea egin zuen. "Pozik", azaldu ziren zuzendaritzako kideak eta euren ustez, aisialdi aktibo baterantz egindako apustua indartuz doa. "Aisialdi eta kulturari garrantzi handia eman diogu eta jendeak oso ongi erantzun du", azaldu du Iñaki Zabala San Joxepe elkarteko presidenteak.

Datuak arrazoia ematen diote, pasa den urtean, 9.078 pertsonek hartu zuten parte, elkarteak egindako ekintzaren batean, horietatik 6.014 aisialdi ekintzak izan ziren.

Egitarau zabal hau aurrera ateratzeko 16.337 euro bideratu dira, eta yoga edo bigoa bezalako ekintzetatik dirua ateratzea lortu arren, urteko balantze ekonomikoa 1.137 euroko galerarekin bukatu da. "Balantzea normala da, eta saldo negatibo hori kontrolpean dugu", azpimarratu du presidenteak, hala ere, 2014ra begira sarrera eta gastuak zorrotzago zaindu beharko direla ere aipatu du Zabalak.

2014a bide beretik

Aurten ere, antzerako egutegi bat prestatu duten arren, murrizketak medio, irudimena erabili beharko dutela azaldu dute, "diru- laguntzak jaitsi egin dira, hala ere, ekintza kopurua mantentzeko buruari eragin, eta irudimena erabili beharko dugu" dio Zabalak. Hala ere, 2014rako aurkeztu zuten programa askotariko ekintzez betea dago, eta aurreko urteetan arrakasta gehien izandako ekintza eta ekimenak mantendu egingo dituzte.

Hiru kide berri

Batzar berean gainera, zuzendaritza batzordeko hiru kide berritu zituzten. Egindako lana eskertzeko txalo artean agurtu zituzten Rosamari Larrañaga, Begoña Garitano eta Jose Ramon Lozano. Horren ostean, txalo artean ere, Rosa Ibarguren, Mariasun Gardoki eta Iñaki Arrieta zuzendaritzako kide berriei ongi etorria egin zioten.

Zuzendaritzako kideek azaldu zuten moduan, hiru kide berriak topatzea ez da lan erraza izan, hala ere, kide berriekin pozik daude. "Ezagutzen ditut, eta badakit lan ona egingo dutela", argitu du Zabalak.
Zuzendaritzako kideek 2013. urteko memoria eta 2014. urteko programa aurkeztu eta gero, bileran zegoen Jaione Isazelaia alkateak hartu zuen hitza, bere ustez, San Joxepek oso lan ona egiten du, eta bide beretik jarraitzeko eskaera ere egin zien zuzendaritzako kide nahiz gainontzeko bazkideei.

Pentsioak eta kopagoa

Batzarra bukatzear zegoela, erregu eta galderen tartean, kide batek, aisialdi ekintzez gain, aldarrikapen ekintzak egiteko proposamena helarazi zuen. Zuzendaritzako kideek erantzun zioten, elkartea ez dela politika egiteko toki bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak