Joan zen eguenean hartu zuen erabakia Gipuzkoako ikastolen Lurralde Batzarrak. Honenbestez, hirugarren aldia izango da Kilometroak Bergaran antolatzen duela Aranzadi Ikastolak. Hain justu ere, duela 7 urte ospatu zen azkenekoz, 2007an, eta 1991n lehenengo aldiz.
Ordukoa eta egungoa desberdinak
"Orain dela 7 urteko Aranzadi Ikastola eta gaur egungoa desberdinak dira, asko aldatu da ikastola, zentzu guztietan. Orduan ikastola krisian zegoen, erabiltzen zituen eraikinak oso zaharkituta zeuden, Martinez Iralatik ateratzeko presiopean geunden, baina ez geneukan nora joan, ezin genuen Seminarioan obrarik egin... etsipena, nahi eta ezinean geunden sasoi hartan" esan du Aranzadi Ikastolako presidente Nerea Larrañagak.
Egun, ordea, beste egoera baten daudela eta, horrek, jaia antolatzera bultzatu dituztela aitortu du: "orain, ikastola indartsu bat gara. Badakigu erabiltzen dugun eraikinean geldituko garela, obra egiteko baimena izan dugu, denok elkarrekin gaude eraikin bakarrean, instalazioak berritu ditugu; jendearen, herriaren, sinesgarritasuna berreskuratu dugu eta momentu honetan gure betebehar nagusiari ekiten ari gatzaizkio gogoz eta ilusioz: Bergarako umeak haztea eta heztea".
Zapore ona
2007ko Kilometroak jaia "oso ondo" atera zela eta "oso pozik" geratu zirela adierazi du Larrañagak eta, horrek, ilusioa, adorea eta indarra eman diela berriro ere ekiteko. Jaiak lagunduko dio Aranzadiri garatzen, lantzen diharduen Plan Estrategikoa eta helburuei eusten: Bergaran, "euskara eta euskal kultura" bultzatzen, Aranzadi Ikastolako zuzendari Ane Barrusok esan duenez. Era berean, adierazi du, eraikinaren "obra handiak ikastolaren ekonomia justu antzean utzi duenez, bultzada ekonomiko bat ere espero" dutela.
2007ko Kilometroak: jendetza Bergarako kaleetan.
Datorren urtean lanean
Aurten Orion ospatuko da jaia; datorren urtean Usurbilen eta 2016an Bergaran. "Ikastola barruan hasi beharko dugu gaiari buelta batzuk ematen, baina kalera begira ezin da ezer egin aurrekoak bukatu arte; beraz, momentuz, Artezkaritza Kontseilua hasiko da pentsatzen, hausnartzen, diseinatzen... Gero, datorren urteko udaberrian hasiko gara batzordeak eratzen, logoa eta abestia aukeratzen... eta 2015eko urrian sartuko gara buru-belarri urteko ekimenekin, 2016ko urrian prozesua amaitu arte.
Ikastolen Elkarteak 2015eko udaberrian egingo du behin betiko esleipena, martxo aldera. Beraz, ordura arte Aranzadik ezingo du ezer egin, "pentsatu, diseinatu eta amets egitea" baino gehiago ez, esan du Nerea Larrañaga Aranzadi Ikastolako Artezkaritza Kontseiluko presidenteak.