Noiz hartu du erabakia Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak?
Joan zen egienean, hilaren 20an, hartu zuen erabakia Lurralde Batzarrak. Prozedura hau izaten da: Lurralde batzarrak (Gipuzkoako ikastoletako Artezkaritza Kontseiluetako ordezkariez osatutako batzarra), hilean behin biltzen denak, azpibatzorde bat eratzen du KMK jaiaren esleipena egiteko. Hau bi urteetarako egiten da. Aurtengo kasuan, 2015eko behin betiko esleipena egin dio Usurbilgo Udarregi ikastolari eta behin behineko esleipena 2016rako Bergarako Aranzadiri.
Zein izan da erabakia hartzerakoan kontuan hartu dituzten faktoreak?
Honako hauek: eskaria egiteko arrazoiak, jaiaren bidez bete nahi den helburua, diruari emango zaion erabilera, zirkuituaren balizko kokapena, aparkalekuak (erabat zehaztu gabe bada ere), ekonomia datuak, jaiaren antolaketari aurre egiteko azpiegitura materialak eta pertsona baliabideak; uztarketa ikastola mugimenduarekin eta ikastolaren gizarte-kokagunea.
Zer dela-eta aurkeztu du bere burua Aranzadik jaia antolatzeko, kontuan hartuta 7 urte direla azkenekoz antolatu zuela?
Orain dela 7 urteko Aranzadi Ikastola eta gaur egungoa desberdinak dira. Asko aldatu da ikastola zentzu guztietan. Orain dela 7 urteko ikastola krisian zegoen, erabiltzen zituen eraikinak oso zaharkituta zeuden. Martinez Iralatik ateratzeko presiopean geunden, baina ez geneukan nora joan, ezin genuen Seminarioan obrarik egin... etsipena, nahi eta ezinean geunden sasoi hartan.
Gaur egun bestelakoa da egoera?
Bai, bai. Orain ikastola indartsu bat gara: badakigu erabiltzen dugun eraikinean geldituko garela, obra egiteko baimena izan dugu, denok elkarrekin gaude eraikin bakarrean, instalazioak berritu ditugu, jendearen, herriaren sinesgarritasuna berreskuratu dugu eta momentu honetan gure betebehar nagusiari ekiten ari gatzaizkio gogoz eta ilusioz: Bergarako umeak haztea eta heztea. Jakina, irakasle eta gurasoekin batera, Zuzendaritzaren babes eta inplikazioarekin, abagoardiazko metodologia eta pedagogiekin, Finlandia eta Suedia baino harago joanda, eta Zelanda Berria eta Australiako korronte pedagogiko berrien itzalpean ikastola eredu berria sortzen.
Horregatik animatu zarete?
Bai, honek animatu gaitu Bergarako herriari eta bailarari, herrialdeari, Aranzadi Ikastola dinamiko, indartsu eta berri hori erakustera.
Ze oroitzapen duzue 2007ko Kilometroak jaiaz?
Oso ona. Hori da beste arrazoi bat berriro aurkezteko. Lan asko, asko egin behar izan genuen, baina 2.000 bergarar aritu ginen proiektu horretan batuta, elkartuta, auzolanean… Gaur ere, KMK 07 gogora ekartzen dugun guztietan eskerrak eman dizkiogu Bergarako herriari. Honek ere laguntzen du berriz erronka handi honi heltzeko, aurrekoa gaizki joan izan balitz edo nahikoa indarrik ez dugula ikusiz gero, ez ginateke animatuko, baina zorionez, dena oso ondo atera zen eta animatu egiten gaitu hirugarrenez Kilometroak jaia Bergarara ekartzeko.
Arrazoi ekonomikoak ere izango dira tartean.
Bai, hori ere badago, baina beste arrazoi inportante bat da Aranzadi Ikastola euskara eta euskal kultura bultzatzeko hurrengo lau urteetarako plan estrategikoa egiten ari dela eta horretarako egindako hausnarketan garbi ikusi du ikastolak herria euskalduntzeko konpromisoa duela, beste zenbait erakunderekin batera. Hortaz, zer hobeto euskararen jaia herrira ekartzea baino. Euskara, aisialdiarekin, ingurunearekin, osasunarekin, norberekiko, besteekiko eta naturarekiko errespetuarekin lotzen duen ikastolen jaia, alegia.
Zertarako erabiliko duzue, baina, dirua?
Ikastolan obra handiak egin ditugu eta Seminarioko eraikinean batu dugu eskaintza osoa. Obra handi honek ikastolaren ekonomia justu antzean utzi duenez, bultzada ekonomiko bat ere espero dugu jaiarengandik.
Noiz hasiko zarete lanean?
Ikastola barruan hasi beharko dugu gaiari buelta batzuk ematen, baina kalera begira ezin da ezer egin aurrekoak bukatu arte. Beraz, momentuz, Artezkaritza Kontseilua hasiko da pentsatzen, hausnartzen, diseinatzen... Datorren urteko udaberrian hasiko gara batzordeak eratzen, logoa eta abestia aukeratzen... eta 2015eko urrian sartuko gara buru-belarri urteko ekimenekin, 2016ko urrian prozesua amaitu arte. Behin betiko esleipena 2015eko udaberrian egingo du, martxoa aldera; beraz, ordura arte ezin da ezer egin, pentsatu, diseinatu eta amets egitea baino.