Ruper Ordorika bakarrik igoko da etzi Zabalotegiko oholtzara. Hala, bere jarraitzaileen aurrean lagunarteko emanaldia egingo du, eta disko zaharretako eta berriagoetako kantuak interpretatuko ditu, gitarra eskuetan izanik eta agertokiaren soiltasuna lagun duela.
Rockari lotutako musikari beteranoak emanaldi akustikoa eskainiko du, beraz, Bergaran domeka arratsaldean. Eta publikoarekiko gertutasun eta konplizitate giroan ez da falta izango musikaltasunik, ezta doinu aniztasunik ere.
Bakarka, iaztik
Izan ere, taldearekin ez dabilenean Bakarka emanaldia egiten aritzen da Ordorika eta azkenaldian halaxe dabil Euskal Herrian barrena.
Iaz apirilaren 7an hasi zen bakarkako kontzertu sorta eskaintzen. Debagoienari dagokionez, Aretxabaletako Zaraia aretoan egin zuen gisa horretako emanaldi bat. Iaz maiatzean izan zen eta bertaratu zirenek gustura jarraitu zituzten oñatiarraren gitarretik eta ahotsetik sortutako doinuak.
Abesti klasikoen eta berriagoen arteko nahasketa eginez, ordu eta erdiko saioa eman zuen orduan, eta domekan bide beretik arituko da euskal musikari handia.