Bandako zuzendari Mikel Markiegik adierazi digunez, "pelikula eta marrazki bizidun ezagunen piezak" joko ditu bandak domekako kontzertuan, eta, horregatik, Amaiara "haur ugari hurbiltzea" espero dutela dio. Besteak beste, Disney etxeko zenbait pelikulatako eta The Pink Panther eta Police Academy filmetako soinu-bandetako abestiak joko dituzte asteburu honetako emanaldian.
Bigarren urtez jarraian, Amaia antzokian egingo du Aratusteetako kontzertua Arrasate Musikaleko bandak. Iaz hartu zuten ordura arte kaleetan egiten zuten kontzertua Amaiara eramateko erabakia. "Lehen, mozorrotuta irteten ginen kalera. Urteek aurrera egin dute, baina, eta, bandako kideak nagusiago egin direnez, ikuskizun serioagoa egitea erabaki genuen iaz", dio Mikel Markiegik.
Seriotasun horrek, baina, ez dio ikusgarritasunik kenduko domekako kontzertuari. Zuzendariak dioenez, aurreko urteetan kalean jo dituzten abestien bilduma osatu nahi izan dute aurtengo ekitaldirako. "Probatzen ibili gara, kantu desberdinak sartu nahi izan ditugu egitarauan", dio hark. "Kalean ginenean kontzertu ikusgarriagoak ematen genituen, beharbada, baina orain, musikaz gozatzeko aukera handiagoa ematen diogu publikoari". Hari horri tiratuta, domeka eguerdiko kontzertua "ikusteko baino gehiago entzuteko" izango dela aurreratu du Arrasate Musikaleko bandako zuzendariak.
Gaur egun, 64 lagunek osatzen dute Arrasate Musikaleko banda. Edozelan ere, haren jardunak gorabehera asko izan ohi ditu urtean zehar. Markiegik dioenez, "zaila da 64 pertsonak bat egitea entseatu edo kontzertu bat emateko; nork bere bizitza dauka, eta, horregatik beragatik, gutxitan jotzen dugu guztiok batera". Etziko kontzertuan, baina, kide guztiak oholtza gainean izango direla aurreratu du bandako zuzendariak.
Urte osoko jarduna
1994an Jose Ramon Vitoriak sortu zuenetik ibilbide luzea izan du Arrasate Musikaleko bandak. Ordutik hona, bost zuzendari izan ditu eta etengabe haziz joan da partaide kopuruan eta urtero eskaintzen dituen ekitaldietan. Gaur egun, Santa Sezilia egunean, Gabon zaharrean, Aratusteetan eta sanjuanetan ematen ditu kontzertuak bandak, eta, horretaz gain, maiatzean "Euskal Herriko herriren batera" irteera egiten dutela dio zuzendariak.
Arrasaten egiten diren emanaldietan jende ugari batu ohi da, eta hori ikusita domekan ere "Amaia antzokia beteta ikustea" espero dutela dio bandako zuzendariak. Bada, bertara joan nahi duten musikazaleek jakin dezatela sarrera doan izango dela.