"Ikuskizun dinamikoa izango da, ez da aspertzeko denborarik egongo. Oso azkarrak dira talde aldaketak, hiruzpalau minutuko saioak egingo dituzte. 16 ikuskizun eta 80 artista, guztira: dantzatik BMX bizikleta-akrobaziara igarotzen da, rap abeslariak ere egongo dira, baita DJak ere...". Hala eman du aditzera Ander Garaizabalek, Break on Stage jaialdiko antolatzaileak.
Maila handiko emanaldia izango dela gaineratu du: "Gaur egun kaleko kultura adierazpen mailan Euskal Herriko eta estatuko dantzaririk onenek hartuko dute parte".
Emakumeen presentzia
Aretxabaletako Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunaren egitarauaren baitan kokatu du Fun Dantz! Berdintasun zinegotzi Maider Aizkorbek azken urteetan egunaren harira hainbat arlo landu izan dituztela ekarri du gogora, dela indarkeria, dela kirola jorratuta: "Oraingoan, ostera, kultura mugimendu horretan emakumea presente dagoela erakutsiko dugu; modu naturalean izaten da parte hartzea, gainera".
Sarrerak ondo saldu dira, eta pozik daude antolatzaileak; guztira, 600 atera dituzte eta bihar bertan 100 erosi ahalko dira leihatilan, bakoitza 3 eurotan.
Fun Dantz! Egitaraua
16:30 Hip-hop dantza ikastaro irekia kiroldegiko aerobik aretoan.
17:30 Breakdance lehiaketa: nesken arteko kale-dantza txapelketaren (bikoteka) eta buruz buruko breakdance txapelketaren finalerdiak.
19:00 Ikuskizuna: Banboo, K-conexion, Fusion Noise, Double X Ladys, Alehop, Black Diamond Crew, Rest-style crew, Urban Dölls, Golden Funk, cLäSS Dance Crew, ED Steps, Circle of Trust, Neugma, Vento.