"Konfesatzera", beste norabait orain

Julen Iriondo 2014ko mar. 1a, 00:00

Beti hortxe egon dela dirudien gauza horietako bat –eta egungo bergarar gehienentzat hala da, duela 75 urtetik zegoen-eta irekita Arantxa mertzeria– desagertzera doa Bergaran.

Eta herrietako komertzio txikientzat onenak ez diren garaiotan, hainbeste denboran bezeroen fideltasunari eutsi izanak ematen duen poztasuna eta gaur egun lortzen hain erraza ez den hori bazuen denda ixtearen pena nahasten dira biak baten. 

Arantxa Askasibarren amak –Juana elgetarra; haren izena zuen lehen dendak ere– ireki zuen lokala gerra ostean: "Eta ezkondu zirenetik aitarekin, biek egin zuten lana hemen", dio. Berari duela 35 urte egin zion proposamena amak, dendara joango ote zen, eta Arantxak baietz: "Lau ume nituen ordurako", ñabardura.

Ume horiek heldu bihurtu dira, eta ekarri dituzte eurenak: "Hemen bueltaka ibiliko dira", dio bilobei buruz, lokalaren etorkizunaren gainean galdetuta; familiarentzat geratuko ei da. Oraingoz, liburuak hasi dira hartzen arropaz eta osagarriz husten joan diren apalak. Denda ixteak pena, eta "generoa kentzean", esaten omen, azkenaldian. Ba kendu du generoa –ia dena–, eta badoa ixtera. Denbora gehiago izango du aurrerantzean irakurtzeko: "Asko gustatzen zait". 

Ogibide lotua da dendariarena, denbora libre askorik uzten ez duena; azken urteetan, baina, lana beste era batera hartu duela aitortzen du. 65 urte egin eta, berez, erretirorako adinera heldu zenetik –70ekin hartuko du azkenik–, urtean zehar bi oporralditxo aparteko: "Otsailean bat eta urrian bestea". Hamabost egunekoak.

Denda asko gustatu zaiola dio Arantxak; "jende on pila bat" izan duela ere bai: "Oso polita izan da jendearekin izandako hartu-emana". Pentsa, denda "konfesatoki" ere bazela, Pello Garitano senarrak albotik. Aurrerantzean ezingo, ba, mertzerian konfesatu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak