Pirritx, Porrotx eta Marimotots ez dira aldatu. Zapatuan Bergaran izan ziren, eta bi aldiz eskaini zuten Bizipoza izeneko emanaldia.Argi dago gero eta lagun koadrila handiagoa dutela, eta ziurta dezakegu betiko mundu zoro bezain dibertigarrian bizi direla. Pupu eta Lore handi egin dira, eta hitz egiten dute dagoeneko.
Txilipito jaunak beti bezain ipurterre jarraitzen du. Lau isun ipini zituen aparkatzea, jolastea eta kantatzea debekatu ostean. Amaitzeko, ordea, debekatzea debekatu zuen! Ulergaitza.
Ezberdin-berdinak
Marimototsen amatxo itsua da orain, eta bihotzarekin ikusten du. Gorka eta Igor ere ezagutu ditugu Bizipoza ikuskizunean. Gorka gurpildun aulkiarekin mugitzen da, eta oso ona da saskibaloia. Bi ama ditu —ama eta amatxo— eta baita txakurra ere. Txakurrak Lagun du izena, eta erakustaldi dotorea egin zuten elkarrekin.
Igor, berriz, Txernobilgo haurra da, eta autista. Babarrun itxurako zomorro begi bakarra ere agertu zen Bergaran. Bere plater hegalariak Panpoxa furgonetaren kontra egin zuen talka. Eskerrak teletransportagailuari. Hari esker itzuli zen bere planetara. Abenturaz jositako ikuskizuna eskaini zuten pailazoek, eta guztia kantuz eta mezuz josita: "Gertatzen dena beti da hobeto", "Margotu irribarre bat", edo "Arazoen aurrean ez larritu, zure laguna nauzu".
Amaierako kantuan
Ohikoa duten moduan kantuan amaitu zuten ikuskizuna pailazoek. Bospasei kantu ospetsu abestu zituzten eta Bergarako emanaldian Porrotxin eta Ruben ere igo ziren eszenatoki gainera. Gero etorri zen patxoen eta besarkaden tartea. Guraso eta haur ugari gerturatu zitzaizkien.