Hitzaldiaren izenburuak zioenari jarraituz, 300 urteren ostean bidegurutzean, ezker eta eskuin, iraganera eta etorkizunera begiratu zuten hizlariek. 1714an Felipe V.ak Bartzelona menderatu aurretik gaur eguneko Kataluniak, beste lurralde batzuekin batera, estatua osatzen zuela gogora ekarri, eta ordutik gaur arteko gertaeren eta Espainiarekiko harremanaren errepasoa egin zuten, Espainiak Estatuta baliogabetu zuenekoa, duela bi urteko Diadako manifestazioa eta iazko giza katea bezalako mugarriak nabarmenduz.
Espainiarekin ezer adosteko ahalegin guztiak ezerezean utzi dituztela-eta, aurtengo kontsultaren alde jardun zuten hizlariek; loteslea ez litzatekeen galdeketa ere ez balego egiterik, hauteskunde plebiszitarioak eta aldebakarreko independentzia aldarrikapena dituzte buruan.