Eneko Ioldik ondo baino hobeto hartu dio neurria txapelketa honi, nafarrak birritan jantzi duelako txapela eta beste behin txapeldunorde izan zen. Hala, txapelketak dituen bost ediziotan nafarra hirutan izan da protagonista. Atzoko partidua Arrietaren kontra jokatu zuen eta partidu lehiatua izan zen arren, faboritoak ez zuen hutsik egin eta 22-13 irabazi zion Arrietari. Beraz, Albarado izango du zain, martxoaren 4an jokatuko den finalerdietan.
Atzo jokatutako beste partidua promesa mailakoa izan zen. Bertan Xabier Errandonea, Inaxio Errandonearen semea, eta Etxeberria izan ziren zein baino zein gehiago. Errandonea hasi zen irabazten eta azkenean bera izan zen partiduko garailea 22-12ko emaitzarekin. Hala, Errandoneak martxoaren 4an jokatuko duten finalerdietarako txartela eskuratu zuen. Eta, datorren martitzenean jokatuko duten kanporaketan Larunbek eta Irribarrianek jokatuko dute beste txartelaren bila.
Reyes Azkoitia entrenatzaileak adierazi digu momentuz ondo doala txapelketa eta orain arte jokalariek orokorrean maila ona erakutsi dutela gaineratu du.