Bergarako Orfeoiaren presidente eta kontzertuan abeslari bakarlari izango den Karlos Etxanizen esanetan, "gospela erritmo handikoa da eta jende gehienari gustuko izango du". Izan ere, ikuskizun bat da, ez bakarrik kantuak, baizik eta mugimendua, erritmoa, jantziak… denak laguntzen du, eta Orfeoiko kideak koloretako tunikekin eta zapi batzuekin irtengo dira taula gainera, New York-eko Harlem auzoko gospel koruak irteten diren antzerako itxurarekin eta erritmoarekin.
Hortik aurrera, ikuskizun bikaina izango dute udal pilotalekura joaten direnek: "Gospela musika korala izan arren, musikariek ere parte hartzen dute, dantzak ere badaude…", esaten du Karlos Etxanizek. Eta honakoa gaineratzen du: "Oso zaila da Harlem-eko koruek egiten duten bezala egitea, baina aukeratu dugun errepertorioa oso-oso polita da, eta seguru gaude oso ikuskizun ederra izango dela". Izan ere, Etxanizen esanetan, gospelean beste estilo batzuetan baino "borobilagoa" da ikuskizuna, elementu gehiago dituelako, eta horixe eskaintzen ahaleginduko dira bergararrak.
Joan den martitzenean, Karlos Etxanizek esaten zigun entseguekin "disfrutatzen hasiak" zirela; beraz, pentsatzekoa da zapatuan primeran pasatuko dutela agertokian, eta primeran pasaraziko dituztela ikus-entzuleak.
Errepertorio eder eta bariatua
Hemengo koruendako gospelak oso ezohikoa dirudien arren, ez da hainbesterako: "Gospela landu izan dugu lehen ere, baina abesti solteak, ez kontzertu osoak. Dena dela, gospela ez da landu izan ditugun beste estiloen hain desberdina", esaten du Karlos Etxanizek.
Errepertorio aldetik, kontzertuak hiru zati izango ditu: lehenengoan, Orfeoiak eta pianoak lau kanta egingo dituzte eta, gospelaren barruan, "bariatua" izango dela dio Etxanizek. Azken kantua Orfeoi Gaztearekin batera abestuko dute. Bigarren zatian, Orfeoi Gazteak, bakarrik, beste lauzpabost kanta egingo ditu; eta hirugarrenean, John Rutter ingelesaren Feel the Spirit obra eskainiko dute, zazpi kantarekin; tartean, abesti ezagunak, When the Saints Go Marching In bezala.
Gospelean, bakarlariek ere paper garrantzitsua izaten dute, eta zapatuko kontzertuan ere halaxe izango da. Lau bakarlari arituko dira: Nere Ibarra, Ainara Uribesalgo, Fran Martinez eta Etxaniz bera. AEBetako mezetan, gospel emanaldiak daudenetan, inprobisazioa ere oso ohikoa izaten da; Bergarakoek, baina, dena ondo lotuta eroango dute.