San Martin Agirre eskolan dagoeneko pasa dira 12 urte inguru toki arazoekin hasi zirela, baina 2012. urteko abuztu amaieran hasi ziren Martinez Irala berriztatzeko obrekin eta bertara eramango dituzte Haur Hezkuntzako ume guztiak.
Dagoeneko, ikasturte hasieratik daude bertan 2 urtekoak, eraikin txikian, hain justu, eta jangela ere martxan dago erdiko eraikineko beheko solairuan. Ondorengo astetan joango dira bertara 3, 4 eta 5 urteko umeak. Eurendako goiko solairua egokitu dute eta adin bakoitzeko hiru gela izango dituzte. Espazio guztiak Haur Hezkuntzako umeendako egokitu dituzte.
Lanen azken txanpan
Dagoeneko obren azken txanpan sartu dira eta asmoa da hemendik pare bat aste barru Haur Hezkuntzako ikasle guztiak eraikin berritura pasatzea.
Haur Hezkuntzako 210 haur inguru izango dira eraikin berrituan eta horrek onurak ekarriko ditu gaur egun arte izan duten Agorrosin ondoko eraikinean, izan ere, bertako espazio guztia Lehen Hezkuntzako gaztetxoendako izango da aurrerantzean.
Inaugurazioa ikasturte amaieran
Inaugurazio festa bat ere egingo dute eraikin berritua martxan dagoela ospatzeko eta baita bidelagun izan dutenei eskerrak emateko. Inaugurazio festa hori maiatza edo ekainean izango dela aurreratu digu San Martin Agirreko Begoña Otsoa-Aizpurua zuzendariak, behin haurrek eraikina eurena egin ostean egingo dute festa, beraz.