Kirol programa zabala aurkeztu dute Bergaran 2014. urterako.
Ikastaro laburrak
Besteak beste, 6 eta 8 saioetako ikastaro laburrak eskainiko dituzte aurten. Horien artean daude bizkarreko arazoak saihesteko ikastaroa lehorrean edota uretan, zoru pelbikoa lantzekoak, lasterketarako teknika lantzeko ikastaroa edo jolasak familia artean izeneko ikastaroa umeei txikitatik kirola egitera bultzatzeko eta familia arteko aisialdian jolasak ikasteko. Ikastaro horietan gaurtik, hilak 21, eman daiteke izena.
Bestalde, Agorrosineko igerilekuetan ur jolasak ere izango dira otsailaren eta martxoaren 16an.
Ttipi Ttapa proiektua
Bestalde, iaz Eusko Jaurlaritzarekin batera Ttipi Ttapa izeneko proiektu bat bultzatu zuten jendeak paseatzeko erraztasunak izan ditzan eta aurten, besteak beste, hori bultzatzen jarraitzeko Osintxu eta Labegaraietako bidegorrietan panel informatiboak jarriko dituzte.
Kirol aholkulari zerbitzua
Kirol aholkulari zerbitzuari buruz ere hitz egin dute eguerdian. Zerbitzu hori herritar guztiendako doakoa dela gogorarazi nahi izan dute eta ez dela beharrezkoa Agorrosingo abonatua izatea. Zerbitzu horrekin herritarrei informatuko zaie herrian duten aukeren gainean eta dituzten kirol aukeren gainean, besteak beste.
'Zure erara'
Agorrosinen zerbitzu berri bat ere jarriko dute aurten Zure Erara izenekoa. Horrekin bakoitzak nahi duen ariketa eta kirola nahi duen orduan egitea eskainiko dute.
Garbiketa aste bakarra
Eta aurten garbiketa aste bakarra izango da, bi aste egon beharrean; irailaren 8tik 14ra bitartean egingo dute garbiketa, hain zuzen.
Pazkoa astean, baina, bainuetxea itxita egongo da beste tratamendu bat behar izaten duelako, baina gainerako eremu guztiak zabalik egongo dira orduan.
Kirola kalera eta Bizikleta Astea
Kirola Kalera ere egingo dute aurten, iazko arrakasta ikusita. Egun bakarrean ospatu aldiz, gainera, lau egunetan ospatuko da; apirilaren 6an, maiatzaren 18an, irailaren 21ean eta urriaren 19an.
Bizikleta Astea ere egingo dela aurreratu dute.
Kirol kontseilua
Amaitzeko, gogorarazi dute aurten hirugarren urtez herri mailan Kirol Kontseilua ere irekita egongo dela, mugikortasunaren gaia landuko dute bertan, besteak beste.