Urtarrilaren 11n Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute Bergaran

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko abe. 10a, 16:56
Giza eskubide, konponbide eta bakearen aldeko mobilizazioa egingo dute Bilbon urtarrilaren 11. 'Tantaz Tanta itsasoa gara' mezua daraman kanpainarekin, mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute Bergaran. Bilboko mobilizazioaren aurretik baina, bergararrek mobilizazio horrekin bat egin dezaten, hainbat ekimen egingo dituzte herrian eta horietan parte hartzeko deia ere egin dute.

Tantaz tanta itsasoa gara mezua daraman kanpaina aurkeztu zuten atzo iluntzean Bergaran. Bertan esan zuten herritarrei dagokiela akuilua eskuan hartuz mugiaraztea giza eskubideen, irtenbidearen eta bakearen alde. Eta Bergarako tantatxoak batu eta urtarrilaren 11n Bilboko kaleak itsaso bilakatzeko deia egin zuten: “Datorren urtarrilaren 11n Bilboko kaleak giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko itsaso bilakatzen lagundu nahi duten Bergarako tantatxoak batzeko elkartu gara”, adierazi zuen Iñigo Arregi Tantaz tanta kanpainako kidea.


Bihar goizean, eguaztena, ofizialki erregistratuko dute Bilbon urtarrilaren 11n egingo duten mobilizazioa eta atzo, martitzena, egin zuten aurkezpenean azpimarratu zuten kanpainaren zutabea pertsonak direla soilik eta tanta guztiak beharrezkoak izango direla.

Bergarako ekimenak

Euren proposamena, beraz, hauxe da: datozen asteetan ahal diren tanta gehien batzea eta banatzea Bergaran. Hori aurrera eramateko, orri batzuk prestatu dituzte Itsasoaren manifestuarekin eta bertan herrian lortzen diren tanta guztiak batuko dituzte. Horiei trukean tanta bat emango diete Bilboko Itsasoan ekimenean erabil ditzaten.

Horretarako, abenduko eta urtarrileko hainbat egunetan tantak batzeko ekimenak antolatuko dituzte. Hilaren 19, 24 eta 27an mahaiak jarriko dituzte eta hilaren 31n soinean eramateko tantaren pegatina eramateko gonbitea egingo diete kalean dabiltzan herritarrei. Horrez gain, jaima bat ere jarriko dute kalean nahi duenak Tantaz tanta argazkian parte hartzeko.


Giza eskubideak, konponbide eta bakea gaitzat izango duen mahai inguru bat antolatzen ere hasiak dira. Eta aurreko urteetan bezala, Bilbora joateko autobusen tanta gisako zerrendak jartzeko eskaera ere egingo dute herriko komertzio eta dendetan.

Bihar, eguaztena, itsasoa sortzen lagundu nahi dutenentzat arratsaldeko 19:30ean Irizar jauregian Bergarako tantak elkartzeko deia ere egin dute.

Informazio gehiago www.tantaztanta.info webgunean dago ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak