Kide berriak erakarri nahi ditu Arrasateko Haur eta Guraso Asanbladak

Jokin Bereziartua Lizarazu

Haur eta Guraso Asanbladaren lehen saioetako bat Kulturaten, artxiboko irudi batean. 

Bilera garrantzitsua egin zuen azaroaren 20an Arrasateko Haur eta Guraso Asanbladak. Asanbladarekin jarraitu edo ez erabakitzea izan zen lehen puntua, alegia, ikasturte berri baterako "indarra edo muskulua" badagoen jakitea. Lanean jarraituko dute, baina uste dute kide berriek ekarpen handia egingo luketela; asanbladara batzeko mezua idatzi daiteke (hauretaguraso.asanblada@gmail.com), edo telegrameko kanalera batu. 

Haur eta Guraso Asanbladatik gogora ekarri dute nola hasi ziren lanean 2016-2017 ikasturtean: "Aisialdi ekintzak antolatzeko sortu genuen asanblada eta gerora erabaki zen herrian eragitea ere izan behar zela eginbeharretako bat, herrian gauzak aldatzeko. Jolas parkeen eredua aldatzeko lanean aritu ginen eta Udalak sortutako parte-hartze prozesuetan ere parte hartu dugu, adibidez, hezkuntza kontseiluan; hilean behin elkartzen gara hezkuntza kontseiluan, antolatutako herritar talde bakarra gara bertan. Azaroaren 20ko bileran erabaki zen bertan modu aktiboan parte hartzen jarraitzea garrantzitsua izango zela". 

Aniztasun Mahaian eta PlazaBizi ekimenean ere zuzenean hartu dute parte. Bestalde, herrira begira,  Aratuste-zapatuko paella jana izan da ekitaldi arrakastatsuenetako bat azken bi urteotan; 2026ko herri bazkariaren ostean esker ona adierazi zieten bertaratutako guztiei. Hori bai, 2027ko Aratusteetan ere paella-jana antolatuko duten ez dute erabaki oraindik.

2026ko Aratusteetako paella-janaren ostean esker ona adierazi zuten; 2027an antolatuko duten ez dute erabaki oraindik

Ekintzaren bat mugikortasunean eragiteko

Mugikortasun arloaz ere egin zuten berba azaroaren 20ko bileran. "Haurrak eta familiak modu seguruan mugitzeko puntu beltz asko daude oraindik herrian. Oinez eta bizikletaz mugitzeko, ikastetxetik auzora eta kirol zentroetara adibidez, gabezia handiak daude oraindik; haurrek, modu autonomoan mugitzeko, arrisku askotxo har behar izaten dute. Hutsune horiek betetzea aldarrikatzeko ekintzaren bat prestatzeaz ere jardun genuen; badugu zerbait buruan abendura begira, baina oraindik ezin dugu ziurtatu".

Asanbladak kide berrien beharra duela diote: “2016-2017 ikasturtean sortu genuen asanblada, duela hamar urte. Kide ezberdinak aritu gara lanean eta azpimarratu nahi dugu ateak parez pare ditugula zabalik; uste dugu jende berriak ekarpen handia egingo ziola asanbladari”. Asanbladara gerturatu nahi duen herritarrak mezua bidali dezake honako helbide elektroniko honetara: hauretaguraso.asanblada@gmail.com Beste aukera bat da telegrameko kanalera batzea: https://t.me/gueasoetahaurasanblada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak