Puntua aldizkariaren 497. zenbakiko Elkarrizketa atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Gaur egungo gizartean, non herrietan geroz eta trafiko, zarata eta porlan gehiago dagoen, mugikortasuna ikuspegi jasangarriagotik birpentsatzea eta espazio berdeak berreskuratzea, kasik, behar kolektibo bilakatu da. Ingurune atseginagoak, osasungarriagoak eta jasangarriagoak sortzea ez da hirigintza kontua bakarrik, gizartea bera eraldatzeko modu bat ere izan daiteke. Balio horiek erdigunean jartzeko helburuarekin jaio zen Debagoienean PlazaBizi egitasmoa.
Aliantzak, egitasmoaren oinarri
PlazaBizi egitasmoa ez zen hutsetik hasi, Gizabidea Fundazioa du abiapuntu. Gizabideako eta PlazaBiziko kide Agurtzane Loidik azaldu duenez, fundazioak, Debagoiena 2030en baitan, trantsizio ekosozialarekin lotutako hainbat gai jorratu zituen aurretiaz: "Gizabidea D2030en markoan trantsizio ekosoziala sustatzen ibili zen, eta hainbat gai landu zituen; esaterako, energia, inklusioa eta elikadura".
Fundazioak mugikortasunaren gaiari heldu zion eta hainbat ondorio atera zituen; tartean, mugikortasuna aldatzeko nahi bat bazegoela eta eragile asko nor bere aldetik zebilela lanean. Ondorio haiek atera ostean, harekin bat zetorren dirulaguntza baten berri izan zuten: "Kutxa Fundazioak desafio ekosozialen inguruko dirulaguntza-deialdi bat egin zuen. Deialdi haren bidez, mugikortasun jasangarria eta espazio naturalen birnaturalizazioa bultzatu nahi zen". Bertan, PlazaBiziren oinarrizko alor bat aipatzen zen, lankidetza: "Lankidetzan jardunda desafio edo erronka konplexuei aurre egitea errazagoa zela zehazten zen".
Loidik esan duenez, hainbat aliatu batu ziren proiektura, eta Gizabidearen esku gelditu ziren koordinazio-lanak: "Hainbat aliatu batu ziren proiektura: batzuk tokikoak dira eta beste batzuk, berriz kanpokoak; guztiak espezialistak hainbat alorretan. Deialdian zehazten zen beste puntu bat zen norbaitek koordinatu beharko zuela egitasmoa, eta Gizabideak hartu zuen eginkizun hura". Egun, Arantzazulabek, Arizmendi Ikastolak, Arrasate Herri Eskolak, Arrasateko Nagusien Kontseiluak, Athlonek, Besaidek, Ciclogreenek, Emunek, Fagorrek, Gizabideak, Ikerlanek, Kutxa Fundazioak, Marakak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak, Osartenek, Tipik eta Txatxilipurdik osatzen dute aliantza, eta Arrasateko Udalaren eta Debagoieneko Mankomunitatearen babesa daukate.
Lankidetza bidezko funtzionamendua zaila izan daitekeen arren, oso aberasgarria dela uste du Loidik: "Lan asko eman dezake, baina, aldi berean, gauzak ikuspegi bakarretik jorratu beharrean hainbat elkarteren ikuspegitik jorratzea lortzen da. Horri esker, egiten diren diagnostikoak eta bestelako lanketak asko aberasten dira. Bakoitzak lanerako bere moduak ditu, baina nork bere aldetik ekarpen handia egiten du, eta horri esker asko aberasten da egitasmoa. Neurriak hartzeko orduan ere oso aberasgarria izaten da aliantzan jardutea, jende ezberdinaren artean egin direnez askoz eraginkorragoak direlako".

Arimazubi: kaosa, herriaren bihotzean
PlazaBizi bezalako egitasmo batek jarduteko eremu bat behar zuen, eta Arrasateko Arimazubiko auzoan aurkitu zuen. Gizabidea Fundazioa gaia aztertzen zebilenean, mugikortasunaren inguruko hainbat elkarrizketa egin ziren; tartean, Arimazubin bizi zen jendearekin. "Auzora egunero auto ugari joaten zirela ikusi zen, eta horrek kutsadura, zarata eta arriskua sortzen zuela. Puntako orduetan auto pilaketa handiak izaten dira, horrek dakarren guztiarekin. Enpresa batzuk neurriak hartu nahian zebiltzala ere jakin genuen, eta horrek horrelako egitasmo bat aurrera eramateko leku apropos bilakatzen zuela ondorioztatu zen".
Arimazubiko auzotarrek pozik hartu zuten egitasmoa; auzoa bizigarriagoa izateko neurriak hartu behar zirela uste zuten
Auzotarren jarrera ere nabarmendu du Loidik. Arimazubiren egoera kaos hutsa zela uste zuten askok, eta besoak zabalik hartu zuten egitasmoa: "Jendeari galdetu genionean ea prest egongo ote zen horrelako ekimen baten parte hartzeko, baiezko erantzuna jaso genuen. Egoera hura kaos hutsa zela eta egoera aldatzeko bestelako neurriak behar zirela zioten. Guztia elkartu zen Arimazubiren aukeraketaren alde egiteko".
Parte-hartzearen garrantzia
Arimazubiko biztanleek egitasmoa besoak zabalik hartu zuten, eta PlazaBizik ere besoak zabalik hartu zituen bizilagunak. Egitasmoko kideak azaldu duenez, lehen unetik oso garrantzitsua izan zen haien iritziak jasotzea: "Guretzat garrantzi berezia zuen auzoan eragin ahal izateko auzotarrei zelako auzoa izan nahi zuten galdetzeak; lehenetsi beharreko aspektuak zeintzuk ziren jakin nahi genuen". Egitasmoaren eta auzotarren arteko hartu-emanak bideratzeko, parte-hartze prozesu bat jarri zuten martxan: "Lanerako lau saio egin ziren, eta, ondoren, aurkezpen formatuko bosgarren bat. Hainbat eragilek hartu zuten parte prozesuan, eta beste hainbat auzotar bertaratu ziren norbanako bezala. Ugariak izan dira parte hartze-prozesuaren hasieratik bukaerara arte egon direnak".
Prozesuaren inguruko balorazio positiboa dela dio PlazaBiziko kideak, parte-hartze prozesuan zehar mahaigaineratutako puntuetako asko jorratzea ezinezko zaiela aitortu duen arren: "Herritarren balorazioa, orokorrean, oso ona izan da. Hala ere, parte-hartze prozesuaren parte izan diren herritarrak eta gu geu jakitun gara puntu guztaik ezin direla aurrera eraman, baina gauza batzuk aldatu eta birpentsatzeko balio izan du prozesuak".
Bi aspektu, helburu bakarra
Esan bezala, mugikortasun jasangarria sustatzea eta berdeguneen birnaturalizazioa dira PlazaBizi egitasmoak jorratzen dituen puntu nagusiak. Akaso, elkarren artean harreman gutxi duten bi aspektu dira jende askorentzat, baina, egitasmoko kidearen ustez, erabat lotuta daude, biek ingurune bizigarriagoa sortzeko helburua dute eta: "Proiektu horren bidez, auzo zein ingurune bizigarriagoa sustatu nahi dugu. Horrek zentzu oso zabala izan dezake eta alor asko hartu, baina guk bi aspektu horietan jarri dugu arreta. Naturguneak birnaturalizatzeak bizi-kalitate hobea emango digu, eta ingurune gustagarriagoa sortuko da. Bestalde, mugikortasunak sortzen duen kutsadura akustikoa zein bestelako kutsadura motak jaistea lortzen baldin badugu, ingurune askoz bizigarriagoa izatea lortuko dugu. Helburu hori lortzeko, bi alorrek harreman zuzena dute elkarren artean".

Berdegune zainduen garrantzia
Arimazubik hiru berdegune ditu: Santa Barbara, Olandixo eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko lorategia. Haiek eta herriko bestelako berdeguneek duten garrantzia oharkabean pasatu izan da azken urteetan: "Azken urteetan naturguneak bazterrean utzi izan dira". Bazterrean uztearen eraginez degradazio puntu bat dutela ere gehitu du Loidik: "Naturguneetako toki askok degradazio puntu bat dute, eta erabilera handiagoa emanez gero bestelako bizi bat izango dute eta jendearentzako erakargarriagoak izango dira". Aliantzako kideez gain, ideia hori auzotarrek ere partekatzen dutela dio, eta parte-hartze prozesuan bereziki gai hori jorratu zutela nabarmendu du: "Auzotarrekin egindako prozesu horretan hainbat ideia irten ziren, baina arreta, batez ere, naturguneetan jarri zen".
Egitasmoak auzoko naturgune handienari erreparatu izan dio, bereziki, Santa Barbarari: "Landaretza aldetik oso toki potentea da, eta denbora pasatzeko oso toki erakargarria. Mila aukera dituen eremu bat da, herrigunean bertan dagoen altxor bat, baina erabilera bat emateko beharra duena". Aspektu horretan ibili da lanean PlazaBizi, eta, auzotarrekin izandako parte-hartze prozesuaren ostean, bi ekimen egingo ditu: Santa Barbara piztu eta Altxorbarbara. Lehena oinarritzen da auzoko naturgune handiena herriko hainbat eragilek aurrera eramandako ekintzen bidez berpiztean: "Laster jarriko da martxan, eta naturguneetan hainbat ekimen egitea da helburua. Gure asmoa da herrian dauden elkarteekin batera Santa Barbaran ekitaldiak egitea; normalean, areto itxitan egingo liratekeen ekimenak". Altxorbarbara, berriz, 5-10 urte bitarteko haurrak dituzten familiei bideratutako jolasa izango da, Txatxilipurdik sortuko duena: "Altxorraren bila oinarri duen jolas bat izango da. Errelato bat sortuko da, eta jolasa bera sortu".
PlazaBiziko kideak azaldu duenez, Altxorbarbara ez da etxeko gaztetxoenei bideratuta egongo den ekimen bakarra, eta auzoan kokatutako eskolek dagoeneko beren proiektuak garatu dituztela nabarmendu du: "Arizmendik eta Bedoñabek beren programak garatu dituzte. Lehenak Naturan hezten saioak egiten ditu, eta bigarrenak, Baso eskolak. Txatxilipurdik ere garatu du bere programa: Basoan jolasean".
Auzoko beste bi berdeguneetan ere hainbat proiektu dituzte esku artean: "Arizmendiko ikasle batzuk, nagusiagoak direnez, Olandixora ere joaten hasi dira. Horrez gain, Goi Eskola Politeknikoko lorategian ere proiektu bat jarri da martxan. Hainbat landare-espezie daude bertan, eta, haietan ezberdinenak aukeratu ostean, fitxa teknikoak egin dituzte. Orain, maiatz amaieran bost bisita gidatu egingo dira bertan".
Mugikortasuna eta sentsibilizazioa
Auto-pilaketa handiak jasaten dituen eremua da Arimazubi, eta, horregatik, mugikortasun jasangarriaren auziak berebiziko garrantzia hartzen du bertan. Gizarte honetan autoa erosotasunarekin lotzen dela dio PlazaBiziko kideak: "Ustez, autoan ibiltzeak erosotasun handia ematen digu. Leku guztietara autoz mugitu nahi izaten dugu, eta, gainera, ahal bada, ahalik eta gutxien mugitzeko etxe ondoan aparkatu". Hala ere, erosotasun bila ibiltze horrek albo-kalte handiak eragin ditu auzotarrengan, eta noizbait bukaera bat eman beharko zaio: "Horren eraginez, auzo honetan sortzen den kutsadura ikaragarria da. Momenturen baten, erosotasuna alde batera uzteko garaia helduko da".
Aliantzako kideak jakitun dira alor horretan neurri konkretuak hartzea oso zaila dela, eta sentsibilizazioan ibili dira lanean, jendearen ohiturak aldatze aldera: "Helburua da orain arteko bizi-estilo hori zalantzan jarri eta horren barneratuta ditugun ohiturak poliki-poliki aldatzen joatea. Askotan, ohiturak aldatzea baino gehiago kostatzen zaigu bestelako bideak probatzea. Behin proba egin dugula, gehiagotan egitera animatzen zara". Sentsibilizazio horri begira, hainbat neurri hartu dituzte: "Sentsibilizazioaren aldetik lan asko egiten gabiltza. Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, esaterako, mugikortasunaren inguruko diagnostiko bat egiten ibili da, eta, horren ostean, enpresek diagnostiko hori oinarri izanda, sentsibilizazioan eta motibazioan eragingo dute, har daitezkeen neurriak arrakastatsuak izan daitezen". Diagnostikoaren emaitzak laster argitaratuko dituztela dio Loidik. Horrez gain, Ciclogreen aplikazioaren bidez egiten duten sentsibilizazio-lana ere azpimarratu du: "Beste alde batetik, Ciclogreen aplikazioarekin gabiltza lanean. Aplikazio horretan izena ematen denean hainbat erronka aurkezten dira, denboraldika banatuta".

Etorkizunera begirako haziak
Bi urte irauteko asmoarekin sortu zen PlazaBizi egitasmoa, eta aurtengo abenduan amaituko du ibilbidea. Loidik aipatu duenez, bi urte gutxi dira aldaketa handiak egiteko orduan, baina egitasmoak etorkizunera begiratu eta haziak jarri dituelakoan dago: "Bi urte hauetan hazitxo batzuk jartzen ibili gara. Jendearen ohiturak aldatzeko denbora askoz gehiago beharko da, baina helburua bestelako batzorde eta espazioak sortzen joatea da, gaiak jarraikortasuna izan eta hazitxo horiek loratu daitezen. Bi urte azkar pasatzen dira, eta baliabideak, tresnak eta espazioak sortu beharko dira hemen hasitakoak aurrera jarraitzeko". Horretarako, barne-saioak egingo dituztela iragarri du, zer egin daitekeen ikusteko: "Amaitu aurretik, barrura begirako saio batzuk egiteko asmoa dugu, aliantzaren parte izan garenok zer ikasi dugun elkarrekin partekatzeko. Modu horretan, proiektua amaitu ostean zertan jarraitu behar den eta zer ez den egin behar ikusi nahi dugu".
"Horrelako egitasmoek elkarren artean ikastea eta proiektu berriak sortzea ahalbideratzen dute"

Iñaki Telleria, Txatxilipurdiko kidea
Txatxilipurdiko kide Iñaki Telleriak dioenez, lehen unetik argi izan zuten egitasmoaren parte izan behar zutela: "Ikusten genuen eremu interesgarria izan zitekeela beste eragile batzuekin harremanak areagotu eta hartu-eman berriak egiteko. Ikasketa berrietara zabaltzeko ere egitasmo interesgarria da. Askotan, nor bere alorrean dabil buru-belarri, eta horrelako egitasmoek elkarren artean ikastea eta proiektu berriak sortzea ahalbideratzen dute". Gizabidea Fundazioarekin aurretik harremanak eduki izanak ere lagundu zuela aipatu du.
Hezkuntza berdea, naturguneen bizigarri
Aliantzan sartu aurretik ere hezkuntza berdearen gaian sakontzen hasiak zirela dio Telleriak. Bide horretan, eta PlazaBizirekin bat eginez, Basoan jolasean ekimena jarri zuten martxan udazkenean: "Naturguneen biziberritzerako Basoan jolasean proposatu genuen. Hainbat ostegun arratsaldez Santa Barbaran ekintzak egitean oinarritzen zen, jolasa oinarri baina natur alfabetizazioarekin lotuta". Udazkenean egin zuten ekimena lehen aldiz, eta, izan zuen arrakasta ikusita, udaberrirako bigarrenez antolatu dute.
Santa Barbara piztu-n eta Altxorbarbara-n ere buru-belarri dabiltza lanean Txatxilipurdiko kideak. Azken horren prestakuntzaren ardura nagusia haiek dute: "Santa Barbarako altxorrak ibilbide baten bidez ezagutzea da helburua, errealitatea eta fikzioa nahastuz. Ibilbidea diseinatzen eta gaiak osatzen gabiltza, adituen laguntzarekin".
"Enpresa bakoitzak bere planak izan ditu orain arte, baina ez ditugu inoiz amankomunean jarri"

Amaia Andueza, MGEP-ko ingurumen saileko kidea
Mondragon Goi Eskola Politeknikoa PlazaBizira batu zen unean ez zegoela aitortu arren, barruraino murgilduta bukatu du Amaia Anduezak. Egitasmoa "oso interesgarria" suertatu zaiola dio; bereziki, bestelako erakundeekin lan egiteko aukera eman dielako: "Alboko erakundeekin lan egiteko aukera eman digu, eta haren helburuak gure misioaren parte ere badirela uste dut".
Mugikortasuna aztergai
Mugikortasunaren alorrean jardun du, bereziki, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak. Ciclogreen aplikazioaren bidez egin duten sentsibilizazio-lana nabarmendu du, baina mugikortasunaren inguruko diagnostiko bat prestatzen ibili dira, batez ere. "Laboral Kutxarekin, Lagun Arorekin, Ikerlanekin eta Osarterekin elkartu ginen, eta, enpresa haietako mugikortasun planak, inkestak eta bestelako datuak oinarri hartuta, diagnostiko bat eta mugikortasun-mapak osatzen ibili gara".
Txostena amaitzen dabiltza, eta laster egingo dituzte publiko ondorioak. Prozesuari erreparatuz, gogorra baina aberasgarria izan dela uste du Anduezak: "Lan gogorra izan da, baina aberasgarria. Enpresa bakoitzak bere planak izan ditu orain arte, baina ez ditugu inoiz amankomunean jarri. Denok elkartzea eta nork bere esperientzia mahai gainean jartzea oso aberasgarria izan da". Etorkizunera begira ere jarri da: "Martxan jarri gara, baina horrekin nola jarraitu pentsatu behar da. Erakunde asko koordinatu behar dira, eta zailtasuna hor dago".