Honakoa adierazi dute Arrasateko Haur eta Guraso Asanbladako kideek
"Haur eta Guraso Asanbladaren izenean eskerrak eman nahi dizkizuegu zapatuan Uarkapeko pilotalekuan antolatu genuen bazkarira bertaratu zineten lagunei. Ederra izan zen ikustea haur, gazte zein heldu, ekimen honetan parte hartzeko eta laguntzeko izan zenuten prestutasuna, denon artan mahaiak, aulkiak zein beharrezko guztia antolatu, jaso, eta garbitu baikenuen. Denon elkarlanari esker gozatu ahal izan genuen lagun arteko giro lasai eta dibertigarriaz.
Eskerrak eman nahi dizkiogu, baita ere, hau egiteko baimena eman zigun Udalari, Uarkape pilotalekuko ateak zabaltzeagatik, egin zuen eguraldi hotz eta euritsuarekin babesleku paregabea izan zelako guztiontzat. Sukaldariari, paella goxoa egiteagatik, eta nola ez, gure Goikori ere bai, bere musikarekin gu denok dantzan jartzeko ahalegina egiteagatik.
Haur eta Guraso Asanblada jaio zen herri mailan haur eta familien beharrizanak asetzeko helburuarekin; parte hartzea, herrigintza eta herri-kohesioa ditugu ardatz. Momentu hauetan aktiboki parte hartzen ari gara Udalak bultzatzen duen Hezkuntza Kontseiluan, Aniztasun Mahaian eta Plazabizi ekimenetan. Horretaz gain, bidean bururatzen zaigun beste edozein ideia gauzatzeko irekita gaude.
Nola ez, Asanblada hau zabalik dago bertaratu nahi duen edonorentzat, inongo konpromiso gabe, ahal den heinean, lan egin dezagun gure herrian hobetzeko egitasmoak bultzatzen.
Batu zaitez!".