ALBISTEAK

San Juan Bataiatzailea parrokiako organoa protagonista izango da asteburuan Arrasaten

Ibai Irasuegi Garai

Arrasateko San Juan Bataiatzailearen parrokiako organoa berriztu egin dute, eta konponketa lanak amaitu eta gero bi kontzertu emango dituzte asteburuan elizan. Zapatuan, 12:00etan, Goikobalu abesbatzarekin batera entzun ahalko da, eta domekan meza berezia egingo dute parrokiako koruarekin batera. 

Gurutze Uribarren da San Juan Bataiatzailea parrokia organista titularra duela hamabi urtetik, eta urtean hamar bat emanaldi egiten ditu. Organoko berrikuntzak amaitu ondoren, oraindik aldaketetara "egokitzen" ari dela adierazi du: "Ni ohituta nago bestearekin, eta bai ikusten dut nota batzuk oso garbi daudela, eta afinazioa ere bikain dago". 

Hamabi urte hauetan elizako organoaren arduraduna izan da, baina bide luzea eta gogorra egin du horra heltzeko. "Pianoa jotzen hasi nintzen zortzi urterekin, eta hamabi urte nituela Hijas de María kofradia katolikoak ginenak hilabetean behin elkartzen ginen eta entseguak egiten zuten nik Harmonium bat jotzen nuen bitartean. Hortik, domekero jotzen hasi nintzen mezan eta arratsaldeko errosarixoan. Baina orduan emakumeak ezin ginen korura igo, eta, behetik, konfesionario ondoan zegoen Harmonium bat jotzen nuen. 40 urte bete arte ez nuen aukera izan Organoa bere lekutik jotzeko", adierazi du Uribarrenek.

Instrumentuaren ezagutza, "beharrezkoa"

Uribarrenez gain, Ander Etxebarriak ere asko daki Arrasateko San Juan Bataiatzailea elizako organoaren inguruan. Etxebarriaren arabera, ogano asko daude Euskal Herrian, baina ez da horrenbestekoa instrumentuaren ezagutza. Hori horrela, haren iritziz, organoaren inguruko ezagutza handitu beharko litzateke musika eskoletatik hasita: "Instrumentuak ez badira erabiltzen hil egiten dira. Orduan nik uste dut interesgarria dela guk daukagun ondare horri zukua ateratzea". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak