Nafarroa etorbidea eta Zerrajera kalea noranzko bakarreko egiteko proba, "hirigintza taktikoaren bidez"

Jokin Bereziartua Lizarazu

Ezkerreko argazkian, Nafarroa etorbideko zirkulazioa iaz ateratako argazkian; eskuinekoan, Zerrajera kaleko zirkulazioa asteon. 

Arrasateko Udal Gobernuak bi kaleak noranzko bakarrekoak egitea aurreikusten du, eta horretarako esku-hartzea "hirigintza taktikoaren bidez" egitea proba gisa. Proiektua Diputazioko Mugikortasun Sailarekin batera ari dira egokitzen eta ondoren aterako lituzkete lanak lizitaziora. EAJk proiektua gelditzeko eskatu du, herritarrekin aldaketak aztertu eta adostu arte. 

Udal Gobernutik gogoratu dutenez, Nafarroa etorbideko eta Zerrajera kalerako zirkulazio-aldaketak 2025eko apirilaren 1eko osoko bilkuran onartutako Mugikortasun Jasangarrirako Planean daude jasota. Dokumentu horrek datozen bost urteetan mugikortasunaren arloan garatu beharreko jarraibideak jasotzen ditu, eta, besteak beste, aipatutako bi kaleak noranzko bakarrekoak izatea aurreikusten da, bien artean eremu horretako zirkulazioaren bi noranzkoak bermatuko dituen bide-sarea osatuz. EH Bilduk 2022ko irailean eskatu zuen bi kaleok noranzko bakarrekoak izatea. 

Udal Gobernuak dio segurtasuna hobetzea dela helburua

Kale bakoitzean ibilgailuentzako errei bakarra egongo litzateke, eta bizikletentzako azpiegiturak ere txertatuko dira. "Zehazki, Nafarroa etorbidean bizikleta-errei bat aurreikusten da. Zerrajera kalearen lehen zatian, Etxaluzetik Kulturolako pasabideraino, bidegorri bereizia egingo litzateke, Kulturolako tuneletik gaur egungo bizikleta-sarearekin lotuko dena. Hortik aurrera, aparkalekuak eta oinezkoentzako espazio zabalagoa aurreikusten dira. Musika Etxearen parean, berriz, muxu-agur gune bat sortzea aurreikusten da, umeek autoz bertaratu behar dutenean modu azkar eta seguruan jaitsi ahal izateko". 

Udal Gobernua: "Trafiko handiko eremua da, eta haur zein heldu asko igarotzen dira bertatik egunero. Beharrezkoa ikusten dugu oinezkoen segurtasuna indartzea eta istripuak prebenitzeko neurriak hartzea"

Udal Gobernutik adierazi dutenez, aldaketa hauen helburu nagusietako bat eremu horretako segurtasuna hobetzea da, bereziki Kulturola inguruan eta Nafarroa etorbideko oinezkoentzako pasabideetan: "Trafiko handiko eremua da, eta haur zein heldu asko igarotzen dira bertatik egunero. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu oinezkoen segurtasuna indartzea eta izan daitezkeen istripuak prebenitzeko neurriak hartzea. Noranzko bakarreko antolaketarekin, trafikoa bi kaleen artean banatuko da, eta bakoitzean errei bakarra egongo da. Horrek ibilgailuen zirkulazio-abiadura murrizten lagunduko du, eta oinezkoentzako espazioa zabaltzeko aukera emango du. Era berean, bizikletentzako azpiegiturak txertatuta, bizikletaz modu seguruagoan mugitzeko baldintzak hobetuko dira".

Nafarroa etorbidea, iazko martxoan. 

Gaineratu dute aldaketa ez dela zirkulazioa berrantolatzeko neurri hutsa: "Kaleen erabilera eta espazioaren banaketa ere berrantolatu nahi ditugu, oinezkoen mugikortasunari lehentasun handiagoa emanez. Europako hiri askotan zabaltzen ari den mugikortasun-ereduarekin bat egiten du planteamendu honek: oinezkoentzako espazio gehiago, bizikletaren erabilera sustatzea, berdeguneak handitzeko aukerak eta herritarren eguneroko bizitzarako kale atseginagoak sortzea".

Proiektua Diputazioarekin egokitu ostean, lanak lizitaziora

Aldaketa noiz gauzatuko den galdetuta, honako hau erantzun dute Udal Gobernutik: "Une honetan proiektua egokitzen ari gara. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailarekin bilerak egin ditugu, eta autobus-geltokiei eta espazioen antolaketari lotutako zenbait aldaketa eskatu dizkigute, zirkulazioa hobetze aldera. Besteak beste, autobus-geltokiaren kokapena eta neurriak aztertzen ari gara, baita semaforo bidezko lehentasuna emateko aukera ere. Proiektua egokitu ondoren, lanak lizitaziora aterako ditugu". 

Esku-hartzea, gobernuaren arabera, "hirigintza taktikoaren bidez" egingo dute: "Hasierako aldaketa margoketen, hiri-altzarien, landareen, seinaleztapenaren eta bidegorria bereizteko trafiko-banagailuen bidez egingo da. Horrek aukera emango digu proposatutako antolaketa berria praktikan probatzeko, haren funtzionamendua aztertzeko eta herritarren esperientzia zein espazioaren erabilera behatzeko. Behin emaitzak ikusita, beharrezko egokitzapenak egin ahal izango dira, eta, hala badagokio, etorkizunean esku-hartze iraunkorragoak planteatu. Proiektu hau mugikortasun-eredu berri bat probatzeko aukera ere bada: kaleak pertsonentzat berreskuratzea, oinezkoen segurtasuna lehenestea eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea. Azken batean, Arrasate atseginago eta seguruago bat eraikitzen jarraitzeko beste urrats bat".

EAJk proiektua gelditzeko eskatu du

EAJk, berriz, proiektua gelditzeko eskatu dio Udal Gobernuari. Talde jeltzalearen ustez, bereziki kezkagarria da egunero 200 autobus inguru Zerrajera kaletik igarotzea, ez dute-eta uste kalea horrelako trafiko-bolumena jasateko prestatuta dagoenik. Horri gehitu behar zaio, diotenez, Aprendices kaleko bidegurutzean semaforo bat jartzeko aurreikuspena, arrisku-egoera berriak sor ditzakeena. Kezka are handiagoa da kontuan hartuta egunero 500 haur eta nerabe baino gehiago igarotzen direla Juan Arzamendi Musika Eskolaren (JAME) eta Kulturolaren ingurutik. EAJk uste du berrantolaketak eremu hori, praktikan, biribilgune handi bihur dezakeela, hezkuntza eta kultura jarduera handia duen gune batean arriskuak areagotuz. "Ezin da egunero ehunka adingabe igarotzen diren ingurune bat eraldatu, ondorioak aztertu gabe eta bertako erabiltzaileei entzun gabe. Pertsonen segurtasunak edozein erabaki politikoren gainetik egon behar du", dio jeltzaleen bozeramaile Ander Garayk. 

EAJ: "Ezin da egunero ehunka adingabe igarotzen diren gune bat eraldatu, ondorioak aztertu eta erabiltzaileei entzun gabe. Zerrajerak segurtasuna, elkarrizketa eta adostutako irtenbideak behar ditu"

Jeltzaleek proiektua geldiaraztea eta parte-hartze prozesu bat abiatzea eskatu dute, JAMErekin, Kulturolarekin eta inplikatutako gainerako eragileekin arazoak aztertzeko, alternatibak lantzeko eta irtenbiderik egokiena adosteko. "Gobernatzea ez da erabakiak inposatzea, baizik eta entzutea, arazoak ezagutzea eta irtenbide partekatuak bilatzea. Ez gaude mugikortasuna hobetzearen aurka, baizik eta plangintzarik gabe eta herritarrak kontuan hartu gabe egitearen aurka. Zerrajerak segurtasuna, elkarrizketa eta adostutako irtenbideak behar ditu", dio Garayk. 

Amaitzeko, esku-hartzea hirigintza taktikoan oinarrituta egitearekin zalantzak dituzte jeltzaleek: "Jarduera honek Muzibar-San Frantziskon gertatutakoa gogorarazten du. Bertan, Udal Gobernuak 40.000 euro inguru bideratu zituen hirigintza taktikoko esku-hartze batera. Jarduera horren ondorioz, 30 aparkaleku baino gehiago kendu ziren, aldez aurretik alternatibarik eskaini gabe, eta gainerako sarearekin loturarik ez zuen bidegorri bat egokitu zen. Esku-hartze horrek ez zituen inguruko mugikortasun-arazoak konpondu. Muzibarren gertatutakoak akatsetatik ikasteko balio behar zuen. Ezin dugu erabaki isolatuak hartzen jarraitu, plangintza orokorrik gabe eta arrasatearren benetako beharrak kontuan hartu gabe". EAJk hainbat proposamen egin zituen Muzibar-San Frantzisko proiekturako. 

Zerrajera kalea, eguazten goizean; aurrean, JAME eta Kulturola. 

Udal Gobernuak dio egon dela bizilagunekin, eta ekarpenak aintzat hartuko dituela 

Iazko martxoan Zerrajera kaleko bizilagunen ordezkaritza bat proiektuaren kontra agertu zen. Udal Gobernutik azaldu dute Zerrajera kaleko bizilagunekin elkartu direla, bai Mugikortasun Planaren testuinguruan, eta baita aurreikusitako antolaketa berria azaltzeko ere. Gainera, diotenez, 2026ko martxoan bilera ireki bat egin zen Zerrajera kaleko eta Nafarroa etorbideko bizilagunekin, proiektua aurkeztu eta haien iritziak eta ekarpenak jasotzeko. "Ulertzen dugu aldaketa orok zalantzak eta kezkak sor ditzakeela, eta horregatik, herritarrak entzutea eta prozesuaren berri ematea garrantzitsua iruditzen zaigu. Proiektuaren garapenean ekarpen horiek kontuan hartzea da gure asmoa", gaineratu dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak