Prentsa agerraldia egin dute, Zerrajera kaleko hainbat bizilagunen ordezkari gisa, Goio Urrutiak, Aitor Herrerak eta Angel Martinek. Funtsean, Mugikortasun Planaren baitan kalea noranzko bakarreko bilakatuko dela salatu dute. Gainera, sinadurak batu dituzte, "esku-hartze hori bertan behera geratu dadin" eskatzeko. Uribesalgo Administrazioak enpresaren bitartez aurkeztu dituzte sinadura horiek Udalean.
Uste dute dagoeneko "trafiko handia" jasaten duela Zerrajera kaleak, "besteak beste, Kulturolagatik, Juan Arzamendi Musika Etxeagatik eta Eroskigatik". Gainera, autoak "oso azkar" ibiltzen direla deitoratu dute, eta horrek "arriskua areagotzen" duela. "Hori dela eta, radarrak edota abiadura murrizteko goraguneak jartzeko eskatu izan dugu, baina ez digute kasurik egiten".
Orain, noranzko bakarra jartzean, "are gehiago" handituko da kaleak izango duen trafikoa, haien esanetan. "Autoez gain, egunean 350 autobus baino gehiago pasako direla kalkulatzen dugu, baita ibilgailu astunak ere, banaketakoak eta abar. Hori gutxi ez, eta saihesbide azpiko mendi-hegalak zarata anplifikatu egiten du. Beraz, zarata eta kutsadura, biak areagotuko zaizkigu".
Aldaketarekin, herriko trafikoa bi kaletan kontzentratuko dela azpimarratu dute. "Hori justifikatzeko, herritarren ongizatea aipatzen digute udal ordezkariek eta horrek kezkatzen gaitu. Ezin dugu onartu herritar batzuen ongizatea bermatzeko besteon ongizatea sakrifikatzea".
Saihesbidean panelak jartzeko eskaera
Bide batez, salatu dute urte asko daramatzatela saihesbideko zarata jasaten eta "behin baino gehiagotan" eskatu izan dutela zaratagatik babesteko panelak jartzea. "Baina, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena denez, sekula ez du aurrera egiten".