Nafarroa etorbidea eta Zerrajera kalea noranzko bakarrekoak izatea eskatu du EH Bilduk

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ira. 21a, 16:49

Nafarroa etorbidean Iberdrolak egin dituen obrek iraun bitartean, noranzko bakarrekoak izan dira bi kaleak. "Ikusi dugu eraginkorra izan dela eta hainbat onura dakartzala", azaldu du Maider Morrasek, Arrasateko EH Bilduren bozeramaileak. Beraz, probaldi bat egitea eskatu diote Udal Gobernuari, onura horiek hobetu aztertu ahal izateko.

Hiru aste iraun dituzte Nafarroa etorbideko lanek eta, EH Bilduren esanetan, onura nabarmenenak eragin ditu trafikoa egokitu izanak. "Gainera, hainbat bizilagunek ere esan digute asko nabaritu dutela aldaketa. Askoz ere auto gutxiago ibili da eta, ondorioz zarata gutxiago egon da", adierazi du Morrasek.

Hori dela eta, "eragin horiek denbora luzeagoan neurtu ahal izateko", probaldi bat eskatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari. Oposizioko indar politikoa sinetsita dago askotariko onurak izango lituzkeela bi kaleetan trafikoa noranzko bakarrekoa izateak. Batetik, CO2 eta soinu kutsadura gutxitu egingo litzateke. Bestetik, oinezkoendako eta bizikletendako espazioa irabaziko litzateke; halaber, Juan Arzamendi Musika Etxea eta Kulturola martxan jartzen direnean egongo den mugimendu handia kontuan izanik, segurtasuna irabaziko litzateke eta aparkaleku kopurua ere handitu egingo litzateke bi kaleetan". Izan ere, gaur egun errei batek hartzen duen espazioa irabaziko litzateke.

Trafikoa zirkularra izango litzateke

Trafikoa modu horretan egokituz, Debagoieneko Mankomunitate ondoko biribilgunetik Kontzeziñoko biribilgunera arte noranzko bakarra izango luke Nafarroa etorbideak eta baita Zerrajera kaleak ere, Etxaluzetik Aprendices kalera arte. Era berean, Maiatzaren Bata plazatik Kontzeziñoko biribilgunera bi noranzko mantenduko lirateke.

Autobus geltokiei dagokienez, obrek iraun dutenean moduan egongo lirateke. Hau da, Aretxabaletarako noranzkoan, Roneo etxebizitzen ondoan eta Bergararako eta Oñatirako noranzkoan, Etxaluze eraikinaren ondoan, Zerrajera kalean. "Hori bai, apur bat atondu egin beharko litzateke geltoki hori", gaineratu du Morrasek. 

Bidegorri sarea osatzeko eskaera

Bide batez, aldaketa horrek bidegorri sare osoaren diseinua erraztuko lukeela uste du EH Bilduk. Beraz, eremu horretan sarea osatzea ere eskatu du. Hau da, gaur egun erreka ondoan dagoen pasealekua egokitu eta, oinezkoendako bideaz gain, bidegorri zati bat ere egin gurako lukete, eta Etxe Txikietatik proiektatuta dagoen zatiarekin lotu, ondoren Kulturola azpitik Zerrajera kalera doanarekin bat egiteko.

Printzipioz, probaldia

Probaldi bat egitea da EH Bilduren eskaera, aldaketak izango lituzkeen eraginak aztertu eta bizilagunen iritziak kontuan hartu ostean, mantendu ala ez erabakitzeko. "Hilabeteko simulazio bat izango litzateke, eta probaldi horren ostean, herriari galdetuko genioke, batez ere bizilagunei, jakiteko aldaketa nola ikusi duten eta benetan aldaketa egitea gura duten ala ez".

Nafarroa etorbidean, ibilgailu asko

Garibai etorbidea oinezkoendako denetik, Nafarroa etorbideak sekulako trafikoa jasaten duela azaldu du Kepa Urteaga EH Bilduko zinegotziak. "Bizilagunek kontuak aterata dituzte eta, esaterako, egunean ia 500 autobus pasatzen dira Nafarroa etorbidetik". Hori dela eta, eremua berrantolatu egin behar dela uste dute. "Gainera, probaldia gura denean egin daitekeen zerbait da, ez du eskatzen baliabide berezirik".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak