Bi urte baino ez daramatza jaioterritik kanpo Sandy Apazak (Lima, Peru, 1994), eta iazko urrian iritsi zen Oñatira, baina hilaren hasieratik Arrasaten bizi da. Familiari bidea ireki eta erakutsi nahi izan dio beste era bateko bizimodua eraiki daitekeela.
Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa?
Lanez betea. Nire gurasoek ez zeukaten ni lasai egoteko eta gauza asko edukitzeko maila ekonomikorik. Gogor egin dute lan gaztetatik, eta ahalegin hori izan da nire hazkuntzaren emaitza. Nire gurasoak egunero lanean ikustea da haurtzaro osoan ikusi dudanaren adibide garbia. Gabeziak izan ditut, baina uste dut gaur egun indartu egin nautela, eta esperantzak bizirik dauzkat. Izan ez dudan etorkizuna eman nahi diet neure ondorengoei.
Noiz arte bizi izan zinen Liman?
Bizitza osoa han egin dut. Gaztetatik lan egin nahi izan dut. Legez, 18 urte behar dira, baina 16rekin hasi nintzen lanean. Denbora batez lana eta ikasketak uztartu nituen. Ikasketak amaituta, eroso nengoen, baina balioa eman nahi nion nire lan-ibilbideari, eta bide berriak hartu nahi nituen.
Zein bide?
Nire helburuetako bat zen lekuak ezagutzea, eta 2024an Jaenen masterra egiteko aukera sortu zitzaidan. Ez nintzen arrazoi ekonomikoengatik etorri. Bidea ireki nahi nien familiakoei, eta erakutsi daukaten horretatik harago joan gaitezkeela; beste bizimodu bat eraiki. Segurtasun faltagatik ere joan nintzen.
Nolakoa izan da zure esperientzia?
Inori ez entzutea, ausarta izatea eta neure istorioa eraikitzea izan da hartu dudan erabakirik onena; orain arte, behintzat. Perutik kanpo ikasi dudana ezin da konparatu han ikasitakoarekin.
Zein zentzutan?
Zure herrialdeko mugak zeharkatu eta bakarrik zaudela ikusten duzunean dakizu zeinen independentea zaren. Tristura sentitzen nuen arren, zoriontasuna eta gogoa neukan hegaldi hura hartzeko. Hegaldian ezjakintasun handia sentitu nuen: Ekonomikoki aurrera egin ahal izango dut? Lana aurkituko dut?...
Europarekin lehen kontaktua izan zenuen.
Madrilgo aireportua zapaldu nuenean sentitu nuen beste mundu batean nengoela. Garraio-sistema ezberdina. Segurtasuna sentitzen nuen.
"Asko gustatuko litzaidake pertsonek pertsonak ikustea; ez nazionalitateak edo kulturak"
Debagoienera nola iritsi zinen?
Masterreko praktikak Zumarragako enpresa batean egin nituen, eta Oñatin gela bat alokatu nuen. 2025eko urrian izan zen hori. Aurtengo urria ezkero, Arrasaten bizi naiz.
Erraz heldu zinen Oñatira?
Orduan entzun nuen lehendabiziko aldiz Euskal Herria. Hotz handia egiten zuela esan zidaten. Gasteizera iritsi nintzen, eta han autobusa hartu nuen, Elorregira. Ez nekien nola iritsi Oñatira handik. Karmentxu izeneko emakume bati galdetu nion, eta hari jarraitzeko esan zidan. Hark lagundu zidan.
Lehen egunak nolakoak izan ziren?
Praktiketan hasi baino astebete lehenago etorri nintzen, eta asko ezagutu nuen herria. Konexio berezia daukate oñatiarrek naturarekin. Jendea korrika ikusteak harritu egin ninduen. Neu ere gauza bera egiten hasi nintzen. Hilerri aldera joan nintzen, eta sekulako paisaiak ziren. Alpeetan bezala sentitzen nintzen. Ez nuen sinesten hain herri lasaian nengoenik. Etxean, ordea, bakarrik nengoen, eta Karmentxurekin elkartu nintzen hainbatetan. Jende asko aurkeztu zidan, baina ezin nuen haiekin komunikatu, hizkuntza ez nekielako, eta agurrak azkar ikasi nituen euskaraz.
Gustura sentitzen zara hemen?
Oñatin Eltziaren bitartez jendea ezagutu dut. Ez zaituzte kanpotar ikusten, eta haien zirkuluan sartzen zaituzte. Atzerritik etorri garenondako garrantzitsua da hori. Gizakiak gara, sentimenduak dauzkagu, eta, etiketa sozialak egon arren, asko gustatuko litzaidake pertsonek pertsonak ikustea, eta ez nazionalitateak edo kulturak.
Zer ekarriko zenuke handik?
Balioak eta gertutasuna. Pertsona leialak gara eta beti laguntzeko prest gaude, inolako interesik gabe.
Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua?
Gauza asko dauzkat egiteko eta ikasteko oraindik hemen. Ez dakit non amaituko dudan. Momentuz, hemen, baina bisitan joango naiz.
Itzuli zara?
Azaroan joango naiz, hamabost egunerako. Sorpresa emango diet aitona-amonei. Ama birritan etorri da, eta asko gustatu zaio Euskal Herria. Etorkizuneko herrialde batean bizi naizela iruditu zaio.
Euskara ikasteko hautua
Herrian integratzeko asmoz, Aloñan hasi zen futbolean. Gimnasioan ere igarotzen zituen orduak, baina, hango kartelak ulertzen ez zituenez, itzultzailearekin itzultzen zituen. Halako batean, Eltziako euskara taldearen berri izan zuen; ez zuen zalantzarik izan, eta izena eman zuen: "Zure herrialdetik joateak erakusten dizu beste kultura bat ikasi behar duzula. Hemen sustraitutako kultura dago, eta gogoa eman zidan hori Perura eramateko. Garrantzitsua da euskara haurrek eta gazteek ikastea. Han kitxua hitz egiten da, baina ez da eskoletan irakasten. Beste herrialde batetik gatozenok integratzen ikasi behar dugu, errespetuz".
Integrazioa eta hizkuntza
Apazaren ustez, hizkuntza ikasiz integratzen da atzerritar bat, eta ez du derrigortasunagatik ikasi behar, baizik eta "historiarekiko errespetuagatik". Eltziak eman zion horretarako aukera, eta euskarako saioetan ikasitako hitzak egunerokotasunean txertatzen joan zen: "Lanean esaten nituen hitz batzuk, eta harrituta geratzen ziren. Zoriondu egiten ninduten, ordea".