ALBISTEAK

Otamendi harategiak eta Haizea tabernak irabazi dute tripaki lehiaketa Arrasaten

Imanol Beloki Unamuno

Arrasateko Otamendi harategiak lehen aldiz eskuratu du Gipuzkoako txapela, eta Elgetako Haizea tabernak bigarren urtez jarraian irabazi du ostalarien lehiaketa. Herritar ugari bildu ziren, zapatuan, Seber Altube plazan, euripean, tripakiak dastatzeko.

Tripaki usaina eta giro ederra izan ziren nagusi zapatu arratsaldean Arrasateko Seber Altube plazan. Euriak ez zituen herritarrak kikildu, eta ugari izan ziren Gipuzkoako IV. Tripaki Lehiaketara gerturatutakoak, tripakiak doan dastatzeko. Bi txapelketa jokatu ziren: harategiena, laugarren aldiz, eta taberna zein jatetxeena, bigarrenez. Aurten, Arrasateko Otamendi harategiak eta Elgetako Haizea tabernak jantzi dituzte txapelak.

Txapela, 41 urteren ostean

Harategien kategorian, Joxe Ramon Otamendik eskuratu zuen lehen saria, Arrasateko Otamendi harategiaren izenean. 41 urte daramatza lanbidean, eta  eskertuta agertu zen txapela jasotzean, bere ibilbide luzeari egindako aitortza dela nabarmenduta. Tripaki onak prestatzeko sekretuaz galdetuta, produktua "ondo garbitzea" eta "behar bezala egostea" ezinbestekoak direla azaldu zuen. 

Bigarren postua Manoli Tenarentzat izan zen, Arrasateko Saburdi harategikoa; hirugarrena, berriz, Ibarrako Tolosa harategiarentzat.

Haizea tabernak txapelari eutsi dio

Ostalarien kategorian, Elgetako Haizea tabernak iazko garaipena errepikatu du. Bittor Gallastegik bigarren urtez jarraian eraman du txapela Elgetara, eta pozik agertu zen lortutako emaitzarekin.

Gallastegiren esanetan, pazientzia eta mimoa dira tripaki onak prestatzeko gako nagusiak. Egoste denbora eta pikantearen puntua ondo harrapatzeari ere garrantzia eman dio. Urteetako jardunarekin eta behin eta berriz prestatuta, errezetari norberaren puntua aurkitzen zaiola azaldu zuen. Herritarren aldetik jasotako erantzuna ere nabarmendu zuen, askok tripakiak oso onak zeudela esan baitzioten.

Bigarren postua Arrasateko Ezkina tabernarentzat izan zen, eta, hirugarrena, Azkoitiko Latz tabernarentzat.

Gero eta parte hartze handiagoa

Lehiaketak laugarren edizioa bete du aurten, eta Arrasateko egutegi gastronomikoan sendotzen ari den hitzordua dela erakutsi du. Dendartean elkarteko teknikari eta antolatzaile Lander Alberdik azaldu duenez, "urtetik urtera gero eta parte hartze handiagoa" izaten ari da.

Tripakiak, arratsaldea goxatzeko

Arrasateko Udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak eta Dendarteanek antolatu dute aurtengo hitzordua. Eguraldi euritsua gorabehera, herritar ugari ibili ziren arratsalde osoan Seber Altube plazan, lehiakideen tripakiak dastatzen. Hala, tripaki plater beroek goxatu zuten zapatuko arratsalde euritsua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak