Bai Euskarari Elkarteak antolatuta, Euskaragileak sarearen topaketak egin dituzte gaur, eguena, Arrasaten, Fagorren Edertek Zentro Teknologikoan. Debagoieneko zein beste txoko batzuetako 21 enpresatako kideak elkartu dira bertan, enpresetan euskararen kudeaketan aurrera egiteko eredu praktiko eta inspiratzaileak ezagutzeko asmoz.
Euskara lan-munduan sustatu
2015ean sortu zuen Bai Euskarari Elkarteak Euskaragileak sarea, euskaraz saldu eta lan egin nahi duten enpresen sarea indartu eta beren ereduak ezagutzera emateko asmoarekin. Bai Euskarari Elkarteko aholkulari Miriam Amubietak azaldu duenez, euskararen sustapenerako konpromisoa bere egiten duten hainbat enpresak osatzen dute sare hori: "Bertan, euskararen ikuspegitik aurreratuta dauden, euskaran eragiten duten, bere garaian euskara planak martxan jarri zituzten eta lan-munduaren esparruan euskara sustatu eta bultzatzen duten enpresak daude, indar horretan dabiltzanak".
Sarearen helburua lan-esparruan euskara sustatzea da, enpresek barne mailan hartzen dituzten konpromisoak besteekin elkarbanatuz: "Batzuetan, barnera begirako lanketa egiten da, eta interesgarria iruditu zitzaigun hori elkarbanatzea, konexio horiek bultzatu eta elkarren arteko praktika on horiek ezagutzeko. Hortik, elkarrekin, eragile bilakatzeko asmoa dago, lan-munduan euskara areagotu ahal izateko".
Alde horretatik, lan-mundua euskalduntzeko oraindik ere egiteko lan asko dagoela aitortu du Amubietak, eta zabaltzeko beharra dagoela: "Euskarak lan-munduan presentzia badu ere, zabaldu egin behar da oraindik ere. Hezkuntza-mailan asko zabaldu zen euskararen presentzia; lan-mundura ere salto egin behar da, eta hor ere euskarak izan behar du bere tokia".
Topaketak, Ederteken
Bai Euskarari Elkarteko aholkulariak azaldu duenez, esperientziak partekatzeko bide horretan, topaketak antolatzen dituzte urtero: "Sare horretan, urtean behin, topaketa bat antolatzen da. Urtero bailara ezberdinetara joaten ahalegintzen gara, errealitate ezberdinak eta gune zein enpresa ezberdinak ezagutzeko".
Topaketak, azkenean, Debagoienera heldu dira, zehazki, Arrasateko Edertek Zentro Teknologikora: "Proposamena egiten da urtero, eta sareko enpresei hautagaitza eskatzen zaie. Aurten, Fagor Taldea prest agertu zen topaketak jasotzeko, eta, azkenean, Ederteken egitea erabaki zen". Edertekeko pertsonaleko arduradun Usoa Egurbide pozik dago topaketak jasotzearekin: "Guretzat plazera da. Euskaragileak topaketak gurean izango zirela esan zigutenean ilusio handia egin zigun".
Praktika egokiak aztergai
Topaketetako egitarauaren ekintza nagusia Euskara kudeatzeko praktika onen adibideak izenpean egindako hitzartzeak izan dira. Bertan, Debagoieneko bost enpresatako ordezkariek hartu zuten hitza; zehazki, Edertekek; Mondragon Unibertsitateak; Miguel Altuna Lanbide Heziketak; Athlonek eta Fagor Taldeak. Nork bere ekimenak eta hartutako neurriak aurkeztu dituzte hitzartzean.
Edertekek, esaterako, arnasgune izateko hartu duen bidea azaldu du. "Gure proiektua, gehienbat, erabilera sustatzean oinarritzen da. Edertek hiru urteko epe batean arnasgune izendatzea erabaki genuen. Horretarako, prozesu bat jarri dugu martxan, zeinak hainbat mugarri dituen", nabarmendu du Egurbidek. Lehen mugarria eragile sare bat osatzea izan dela aipatu du: "Hasierako mugarria eragile sare bat osatzea izan da, eta mugimendu honetan Edertek osoa sartzea. Zuzendaritzatik edo euskara batzordetik gai hau lantzen ibili beharrean, ardura zabaldu dugu, mundu guztia kontziente izateko erabilera altuagoa izateko aukera dugula". Erabaki hauen atzean, espazio informaletan euskara sustatzeko nahi bat dago: "Aipatu beharrekoa da Ederteken %90etik gorako ezagutza maila dagoela, eta euskaraz lan egiteko ohitura dugula, baina, erabilera ez-formalean, %55-60 inguruko erabilera dugula".
Athlon da hitza hartu duen beste enpresetako bat. Haiek kasu konkretu bat azaldu zdute; izan ere, jatorri finlandiarreko aplikazio bat euskaratu dute. "David Health Solutions-en teknologia duen aplikazioa bat da, bizkarreko mina murrizteko erabiltzen dena, eta, teknologia finlandiarra izanik, guztia ingelesez edo finlandiarrez dago. Guk, gaztelerara itzultzeaz gain, guztia euskarara itzultzeko hautua egin dugu", azaldu du Athloneko komunikazio arduradun Judith Erañak. Guztia beren lana izan dela ere azpimarratu du: "Etxean egindako lan bat da, ordu asko eman ditugu eta apustu bat izan da".
Euskara balio erantsi Debagoienean
Debagoieneko egoeraz galdetuta, hemen, euskara balio erantsi bat dela azaldu du Amubietak: "Debagoienean, aurreratuta dauden enpresa handi batzuk aurkitzen dira, baina, badaude ere lanean dabiltzan entitate txikiagoak, behar hori badagoela eta zerbitzua euskaraz emate horrek beste plus bat ematen diotela ikusten dutenak. Bailara honetan horrek eragina du, euskarak plus bat ematen du; balio erantsi bat". Honen atzean hainbat enpresek aurrez egindako lana dagoela uste du: "Bailara honetan euskara lantzen urteak daramatzaten enpresak daude; barne begirada hori jorratzen, euskara planak ezartzen, sustatzeko ekimen ezberdinak antolatzen, etab.".