Arrasateko Udalak, Ederto-Harakelek –Gipuzkoako Harakinen Elkartea– eta Dendarteanek –Gipuzkoako merkatari elkarteen bilkura– indarrak batu dituzte laugarren aldiz, Gipuzkoako tripaki lehiaketa antolatzeko. Lehen bi aldietan harategiek har zezaketen parte, baina iaztik taberna eta jatetxeek ere euren txapelketa propioa dute: "Desberdintasuna da harakinen kasuan produktua bera baloratzen dela, eta, ostalarien kasuan, prestaketa", esan du Jaime Bengoak, Arrasateko Udaleko Tokiko Ekonomia eta Enplegu batzordeko buruak.
Hala, dagoeneko izena eman daiteke bi kategoriatan, urriaren 13rarte. Interesa dutenek hiru bide hauetako batetik egin dezakete: ederto@ederto.com helbidera idatzita, 943 86 53 52 telefonora deituta edo WhatsApp bidez 671 64 34 88 zenbakira idatzita.
Lehiaketarekin Gipuzkoako harakin eta ostalariek egiten duten lanari balioa eman nahi zaiola azaldu du Dendarteaneko teknikari Xabier Aldalurrek: "Elkarrekin lehiatzen jartzea sinbolikoa da, helburua da jendaurrean erakustea ostalaritza eta bertako produktua hemen dagoela. Horrek ematen dio balio erantsia", gehitu du.
Iker Agirreurreta harakina hutsik egin gabe parte hartzen duen horietakoa da. Dioenez, ekitaldia lankideak elkartzeko aitzakia ederra da, baina noski, denek gura dute irabazi, "zerbait lortzen duenak igartzen duelako norbere saltokian gehiago saltzen dela".
Egonkortutako hitzordua
Epaimahaia gastronomia-aditu batek, Dendarteaneko kide batek eta udal ordezkari batek osatuko dute, urtero bezala. Sukaldari bakoitza bere errezetarekin saiatuko da konbentzitzen: "Batzuk bizkaitar erara prestatzen dute, piper txorizeroarekin edo barik, tipularen egosi puntu ezberdinarekin... Tripakiaren zapore ona lortzeko badaude hainbat gauza kontuan hartu beharrekoak", esan du Agirreurretak.
Lehenengo edizioak jendea sorpresaz hartu bazuen ere, dagoeneko egonkortuta dagoen hitzordu gastronomikoa dela adierazi du Bengoak, eta jendea gogoz etortzen dela. Aurten, gainera, debalde izango dute askotariko tripakiak dastatzeko aukera. Urriaren 17an, 18:00etarako egon beharko dute Seber Altube plazan.