Mende erdia bete du aurten Maritxu Kajoi Egunak, eta urteurren bereziak ere izan du berezko miraria. 20:30ean, Arrasateko Herriko Plazako iturritik ardo beltza atera da, eta bertan bildutako herritarrek ohiu eta kantuekin hartu dute ezustekoa.
Maritxuren abestiek dioten bezala, "iturria, zer dago? Ardotxo txuria" edo "badau ardaua, baño mirari hoberik"; gaur, hain zuzen ere, abestiaren hitzak errealitate bihurtu dira berriz.
Azken aldiz 1981ean gertatu zen antzeko miraria. Ordutik, urtero bezala, arrasatearrek eta Maritxu Kajoi Egunera gerturatutakoek iturriari begira jarraitu dute, egunen batean ardoa berriz ere ikusteko esperantzarekin. Gaur, 45 urteko itxaronaldiaren ondoren, iturriak berriz eman du bere fruitua.
Herriko plaza jendez gainezka egon da. Maritxuri kantuan, txarangaren doinuekin eta jai giroan, herritarrek gertutik jarraitu dute iturritik ardoa ateratzeko unea. Aurtengo edizioa berezia izan da, hasierako urteetan eta ondorengo hamarkadetan Maritxu Kajoiko Komusiñuan parte hartu duten hainbat lagun ere bertan izan dira, ospakizunari belaunaldien arteko kutsua emanez.