Emozioak eta aldarrikapenak, biek egin dute bat beste urte batez Debagoienean tropa faxistak sartu izanak eragindako bailarako hildako eta desagertutakoak gogoan izan eta omentzeko Arrasaten egiten duten ekitaldian.
Aurten 90 urte bete dira tropa faxistak Elgetan izan ezik bailarako gainerako herri guztietan sartu zirela, eta oraingo honetan, 18 izen gehitu dituzte Laubide plazan dagoen monolitoan. "1987an, Legarreko gainean 89 izen ziren; 2003an, monolito hau jarri genuenean, 116; 2016an beste sei izen gehitu genituen; eta aurten, 18. Guztira 140 izen daude. Gezurra dirudi, baina 90 urte pasatu eta gero urtero agertzen da jende berria: artxiboetan topatzen dugulako, urtetan isilik egon direnak gugana datozelako…", azaldu du ekitaldia antolatzen duen Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide Juan Ramon Garaik, eta memoria mantentzearen garrantzia azpimarratu: "Beharrezkoa da gazteek jakitea faxismoak zelako basakeriak egiten zituen eta zertarako gai izango diren berriz ere boterea lortzen badute".
Monolitoari, era berean, bertan agertzen diren izenak nortzuk ziren azaltzen duen plaka bat ere jarri diote.
Debagoieneko udalek, adierazpen instituzionala
Ekitaldiaren hasieran, Maider Morras Arrasateko alkateak hartu du hitza, Debagoieneko udal guztiek adostutako adierazpen instituzionala irakurtzeko. "Errepresio frankistak ez zituen soilik ehunka hildako eta fusilatu eragin, giza eskubideen urraketa sistematikoa ere ekarri zuen", esan du, eta gaineratu gaur egun oraindik ere oztopoak daudela egia osoa ezagutzeko. "Giza eskubideen urraketa larri horien erantzule politiko, militar eta zibilak ez dira inoiz epaituak izan eta frankismoaren biktimek ez dute beraien justiziarako eskubidea eraginkortasunez bermatua ikusi", jarraitu du Morrasek eta nabarmendu frankismoa zuritzen eta aldarrikatzen duten diskurtsoek eta egiturek oraindik ere "presentzia" dutela eta horrek zalantzan jartzen dituela “ez errepikatzeko bermeak".
"Horregatik, Debagoieneko udalek memoria, duintasuna eta giza eskubideekiko konpromisoa berresten ditugu eta honako hau aldarrikatu: egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea. Askatasuna posible delako, askatasunaren hazia erein zutenak gure memorian zaudetelako", esanaz bukatu du adierazpen instituzionala Arrasateko alkateak.
Senideen testigantzak
Desagertu eta hildakoen senideek ere hartu dute hitza ekitaldian: Maria Arana Areitio arrasatearraren biloba Patxi Ezkurrak eta Anbrosio Alkorta arrasatearraren iloba Eugenio Alkortak. Hain zuzen ere, Anbrosio Alkortarena da monolitoari gehitu zaion izenetako bat. Izan ere, senideek iaz arte ez zekiten zehazki zer gertatu zen berarekin: "Arrasaten jaio ostean, 4 urterekin Tolosara bizitzera joan, gerrako ume moduan Habana itsasontzian Sobietar Batasunera heldu eta 17 urterekin hango ejerzitoan sartu eta gero, hegazkin istripuz hil zela uste genuen. Iaz erakusketa baten bidez Intxorta 1937 Elkartea ezagutu genuen eta haren bitartez, historia osatu. Orain badakigu partisano moduan Alemanian borrokatu, 1942ko urrian Smolensk lurraldean hil eta Novoduguino herrian lurperatua dagoela".
"Guretzat garrantzitsua da iaz ezagutu izana informazio guztia, baina pena da eta bere anai-arreba guztietatik nire ama bakarrik dagoela bizirik”, gaineratu du Alkortak.
Intxorta 1937 Kultur Elkarteak 40 urte
Gaurko ekitaldiak bestelako une aipagarriak ere izan ditu: Anixe eta Oihan Uribarrenek Bilobak izeneko kantua abestu dute, senideek lore-eskaintza egin dute monolitoan txalapartariek lagunduta eta Txikitxu-Arrostaitz dantza taldekoek aurreskua dantzatu dute Udalaxpe taldeko txistulariek lagunduta.
Aurten, gainera, 40 urte bete ditu hasieran Octubre izena izan zuen Intxorta 1937 elkarteak, eta hasieratik taldeko kide izan den Juan Ramon Garaik ere omenaldi txiki bat jaso du, besteak beste, Joxe Iriarte Bikila-ren presentziarekin. "Gu hasi ginenean, bi talde memorialista bakarrik geunden Euskal Herrian; gaur egun 40 dira. Garrantzitsua da herriz herri ikertzea zer gertatzen den", erantzun du Garaik urteotan memoriaren inguruko lanketan egon den bilakaeraz galdetuta.