HEMEN DEBAGOIENA

Othman Hichou: "Marokoarra naizela sentitzea igartzen dut faltan; jokoz kanpo geratzen zara"

Idoia Aranbarri Arzuaga

Hilabete batzuk baino ez daramatza Arrasaten, eta "bihotzez" dio arrasatearrak "oso onak" direla.

26 urte beteko ditu abenduan, eta 17 urterekin utzi zuen jaioterria Othman Hichouk (Tanger, Maroko, 2000). Espainian, Frantzian eta Belgikan bizi izan da, bereziki, hirietan, eta Arrasate txiki geratu zaio; bertan bizitzea kostatzen ari zaio.

Nola oroitzen duzu haurtzaroa?

Haurtzaro oso ona izan dut; edozein haurrena bezalakoa. Eskolara joan naiz, institutura... Lagun asko izan ditut, eta oraindik harremana mantentzen dut haiekin. Txikitatik egin izan dut lan, ez naute inoiz behartu horretara.

Noiz arte egon zinen Tangerren?

17 urtera arte. Barbatera iritsi nintzen. Poliziak hartu ninduen, ziegara eraman, eta han hamar egunez egon nintzen. Nire amak pentsatu zuen hil egin nintzela. La Linea de la Concepciongo zentro batera eraman ninduten, adingabea nintzelako. Han hasi zen dena. 

Zergatik erabaki zenuen zure jaioterria uztea?

Afrikan badago Europari buruzko elkarrizketa. Beti daukazu inguruan pobrea zen norbait, baina Europara joan ostean beste egoera batean itzultzen dena. Zuk ere hori nahi duzu probatu, eta hori nahi duzu. Hona etortzen zarenean, pentsaera eta ideiak aldatzen zaizkizu. Han gaudela ez dakigu hemengo egia zein den.

Eta zein da egia hori?

Nire esperientzia kontatuko dizut. 18 urte bete nituen egunean kalean geratu nintzen. Ez neukan ezer: ez hizkuntza, ez nora joan, ez dirurik… Hori gogorra da 18 urte dituen gizon, haur, batentzat. Hemen bizi duzun errealitatea ez da Marokotik ikusten duzun bera. Aste osoan lan egin eta, hala ere, aurreztea kostatu egiten da. Hona etortzean ez dago atzera-bueltarik; bestela, kale egin duzula ikusten dute. Gazte etorri nintzen, eta ez daukat ikasketarik. Hara itzultzen banaiz, lan arrunt batean, 300-400 euro irabaziko ditut. Gurasoekin biziko naiz, baina ez dut etorkizun bat eraikiko. Eta hori da nire helburua, etorkizuna eraikitzea.

"Tangerrek Afrikako porturik handiena du, Afrikako atea da. Denetik dauka; etxea da, guztia da"

Nolakoa izan zen bidaia?

Ez daukat traumarik. Nire etxeko leihotik Tarifa, Algeciras eta Gibraltar ikusten nituen egunero, baina oso zaila izan zen. Itsaso erdian zaude, eta ura eta zerua bakarrik ikusten dituzu. 32 lagun ginen 3 metro karratutan, 15 zaldiko motor batekin. Ura sartu zitzaigun, eta kamisetekin atera behar izan genuen. Gauera arte itxaron genuen, eta gure aurrean zeuden itsasontzien argiak jarraituz, aurrera jarraitu genuen, penintsula ikusi arte. Gero, poliziak harrapatu, eta esan dizudana gertatu zen.

Zer daukazu esateko Ceutan gertatzen ari denari buruz?

Badakit zer eta zergatik ari den gertatzen; nork daukan arrazoia eta nork ez. Horren harira, jende gutxi informatzen da ondo.

Nola iritsi zinen Arrasatera?

Espainiako probintzia askotan bizi izan naiz, Frantzian eta Belgikan ere bai, baina betirako Marokora itzultzea erabaki nuen. Oso gustura egon nintzen han, baina ez nuen aurkitu bila joan nintzen hori. Duela bi urte itzuli nintzen. Ermuan ile-apaintzailea den lagun bat daukat, eta hark itzultzera konbentzitu ninduen. Ile-apaintzailea naiz ni ere, eta hemen egiten dut lan. Hemen bizi naiz Gabonetatik.

Zer iruditu zaizu Arrasate?

Bihotzez esaten dizut: jendea oso ona da. Ez dakit ile-apaintzailea naizelako den, baina jendeak asko hitz egiten du nirekin. Herriari dagokionez, ni hiri handietan bizitzera ohituta nago. Herria polita da, baina niretzat txikia.

Eta Tanger nolakoa da?

Tanger... zoragarria da. Nire lurra da; niri dagokidan lekua. Hara iritsi, eta ez duzu arazoez pentsatzen. Atlantikoa eta Mediterraneoa ditu, bi milioi biztanle eta Afrikako porturik handiena. Afrikaren atea da. Oso polita da. Denetik dauka. Tanger etxea da, guztia da.

Kultura ezberdintasunik nabaritu duzu?

Gazte etorri nintzenez, ez dut nire kultura askorik bizi izan. Txikia zarenean, jolastu egin nahi duzu, ikasi... ez zaizu zure kultura orain bezala interesatzen. Alderatu ditzaket bi kulturak, bertan bizi eta irakurri dudalako. Ikuspuntu ezberdinak izan ditzakegu, baino iritziak dira.

Zer igartzen duzu faltan?

Marokoarra naizela sentitzea igartzen dut faltan. Hara zoazenean, guztiek hemengo bezala ikusten zaituzte, eta hemen hangoa. Zu erdian geratzen zara, jokoz kanpo. Zure familiak ere ez du sentitzen zu marokoarra zarela. Zure etxean gonbidatu sentitzen zara, eta hori oso gogorra da. Badakite joate-data bat daukazula; tratatzeko modua ere ezberdina da. Han espainiar deitzen dizute, eta hemen, moro

Bizilagunak, lagun

Gaztelania, ingelesa eta frantsesa ikasi ditu; tartean, katalana ere bai. Dioenez, euskara ikasten saiatu da, baina zaila egiten zaio: "Euskara ikasi dut pixka bat bezeroekin; egunerokotasunean erabiliko dudana. Gustatuko litzaidake ikastea, baina, egia esan, ez dakit etorkizunean hemen geratuko naizen. Horregatik, momentuz, euskara ikasten pasa behar dudan denbora nahiago dut beste zerbait ikasteko erabili. Adibidez, gidabaimena ateratzeko".

Kulturen ezaugarriez

Hichouren iritziz, marokoarrak oso abegikorrak dira. Esan du hemen gertatzen dela eraikin batean bizi eta bizilaguna ez ezagutzea; han ezinezkoa da: "Marokon zure bizilaguna zure familia da. Kalean ere elkarri laguntzen diogu. Hemen bakoitzak bere bizimodua dauka, erlojupeko lasterketa batean bizi gara; han ez daukazu errutinaren presio hori, han hemen baino lasaiago bizi gara. Han atzerritarra izan arren, kalean laguntzen dizute. Hemen, gehienek, beste herrialde batekoa zarela ikusten dutenean, jarrera aldatzen dute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak