"Indarberrituta" itzuliko da zarzuela Amaia Antzokira, Kantuz Elkarte Lirikoaren eskutik

Jokin Bereziartua Lizarazu

'El año pasado por agua' zarzuelaren entsegua, joan den domekan. 

Iaz, 25 urte bete zituen Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak. Kide berberekin baina airez aldatzeko asmoarekin, mende laurdeneko zikloa ixteko unea dela iruditu zaie parte hartzaileei, eta horregatik sortu dute Kantuz Elkarte Lirikoa. Zarzuela azaroko azken asteburuetan taularatuko dute; aurten Federico Chuecaren El año pasado por agua aukeratu dute. 

Kantuz Elkarte Lirikoa sortzearen helburua "berritzea" dela adierazi du eszena-zuzendari Mertxe Salaberrik: "Asmoa da aurtengo zarzuela emanaldian jendeak ikustea aro berri baten hasiera dela; bestelako ikuskizun bat prestatzea". Azaroko azken asteburuan taularatuko dute zarzuela, eta entseguetan buru-belarri ari dira taldea osatzen duten 45 kideak.

Azaldu dutenez, izen berriak berritzeko, zabaltzeko eta proiektu berriei ekiteko garaia islatu nahi du, urte hauetan guztietan eraikitako ibilbidea eta esentzia galdu gabe. Etapa berri honekin batera, irudia erabat berritua, logotipo berria eta errepertorioaren bilakaera ere iritsiko dira, proposamen berriak aztertzeko, esparru berrietara zabaltzeko eta genero lirikoa publikoari hurbiltzen jarraitzeko asmoz. 

"Zarzuelak ez du agur esaten; berritu egiten da"

Etapa berri honi hasiera emateko, Kantuz-ek Federico Chuecaren El año pasado por agua aukeratu du, Ricardo de la Vegaren libretoarekin. Taldearen ohiko errepertorioan berrikuntza dakarren proposamena da, eta musika bikaina, izaera alaia eta kutsu bereziki parte-hartzailea ditu ezaugarri. "Osagai horiekin, Kantuz-ek Amaia Antzokiko publikoa berriz ere inplikatu eta harritu nahi du", adierazi dute.

Musika-zuzendaritza Cristina Cubilloren esku egongo da, eta Mertxe Salaberrik hartuko du eszena-zuzendaritzaren ardura, elkarteak agertokira ere eraman nahi duen berritze-espiritu horren isla izango den ekoizpen batean. "Kantuz-ek, horrela, Arrasateko kultura egutegian zarzuela esperotako hitzordu bihurtzea lortu duen ekimenaren lekukoa hartzen du, eta aurrera begiratzen du, ideia berriekin, kide berriekin eta hazten eta bilakatzen jarraitzeko borondatearekin. Zarzuelak ez du agur esaten; berritu egiten da. Eta hori erakusteko modurik onena, beste behin ere, agertokian izango da", diote.

Publikoarekin lotura estutu nahian

Azaroko azken asteburuan El año pasado por agua zarzuela interpretatuko dute, eta publikoaren lotura estutu nahi dute: "Kantuz-ek etapa berri honetan bere horretan mantendu nahi duen zerbait bada, publikoarekiko lotura da. Publikoaren leialtasuna, maitasuna eta urtez urte Amaia Antzokian izandako presentzia ezinbestekoak izan dira ibilbide hau posible egiteko. Urte hauetan zarzuela bidelagun izan duten guztiei, baita lehen aldiz hurbilduko direnei ere, Kantuz-ek bereziki eskaini nahi die hasiera berri hau". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak