Badator Nagusien Astea, adinekoek gizartean duten lekuari balioa emateko

Koldo Zubia Salas

Nagusien Astean parte hartuko duten eragileak, ANAKONek gaur egindako prentsaurrekoan.

Arrasateko Pertsona Nagusien Kontseiluak zazpigarrenez antolatu du Nagusien Astea. Hiru eguneko egitaraua prestatu dute, hitzaldiek, ibilaldiek edota ikuskizunek beteko dute aurtengoa. Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunarekin bat eginez, urriaren 1ean emango diote asteari amaiera, Udal Bibliotekarekin elkarlanean antolatutako ekitaldiarekin. 

Urriaren 1ean ospatzen da Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna, eta, egun hori aitzakia izanda, zazpi urte daramatza ANAKONek (Arrasateko Pertsona Nagusien Kontseilua) Arrasateko Nagusien Astea antolatzen. Ekimenaren helburu nagusiak  pertsona nagusien ekarpen soziala eta esperientzia balioestea, zahartze aktibo eta osasuntsu bat sustatzea edota Adinekoen eskubideak eta beharrak gizartearen erdigunean jartzea dira. Horiek betetzeko asmoz, prestatutako hainbat ekintza izango dira beraz, Arrasaten, irailaren 27an, 30ean eta urriaren 1ean. 

Gaur, martitzena, Herriko Plazan aurkeztu dute egitaraua, eta aurkezpenean izan dira, besteak beste, Arrasateko alkate Maider Morras eta ongizate zinegotzi Jasone Giraldo, Udal Bibliotekako ordezkariak, Arrasateko lau erretiratuen etxeetako ordezkariak eta ANAKONeko kideak. 

Egitarau zabala

Hasteko, irailaren 27an, aurtengo berrikuntzetako bat den ipar nordik ibilaldi nordikoa egingo dute Biteri plazatik abiatuz –ibilaldia amaitzean hamaiketakoa egingo dute Herriko Plazan–. Jarduera fisiokoaz gozatu nahi duten pertsona guztiei irekitako ibilaldia izango da, eta bidea oinez egiteko aukera ere egongo da. Ondoren, Biterira bueltatuko dira eta poteo musikatua egingo dute, herri bazkariaren aurretik. Bazkarian, 100 pertsona inguru espero dira, eta sarrerak jada salduta daude. 

Irailaren 30ean, Arrasate Zientzia Elkartearen eskutik herriko bisita gidatua antolatu dute. Ondoren, eguerdian, topaketa egunaren aurkezpena egingo dute; adin ezberdinetako jendearen parte-hartzearekin, Seber Altuben. Bertan, postu bat jarriko dute, euskarazko hitz erraz eta hurbilak dituzten intsigniak jarriko dituzte. "Hitz txikiak dira, gure eguneroko bizitzako keinu txikiak, pixkanaka galtzen ari garenak. Lehen ohikoa zen mendian, kalean edo auzokoekin topo egitean agurtzea. "Gaur egun, presaren, isolamenduaren eta harremanak izateko modu berrien ondorioz, askotan elkarren ondoan egoten gara, elkar egurtu ere egin gabe. Keinu txiki horien balioa aldarrikatu nahi dugu: agur bat bestea ezagutzeko, hurbiltzeko eta bakardadea apurtzeko modu bat izan daiteke", adierazi dute ANAKONetik. Eguna amaitzeko, Beatriz Egizabalek bakarrizketa eskainiko du Kulturaten.

Azkenik, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean, urriaren 1ean, belaunaldien arteko paseoa egingo dute Iturbideko egoiliarrekin. Arrasateko lau erretiratuen etxeetako jardueren aurkezpena ere izango da Seber Altuben. Arratsaldean, ostera, nagusien astearen itxiera ekitaldia egingo dute Kulturaten. Bertan, azpimarratzekoa da Mariasun Landak zahartzaroa hizpide, bere liburua oinarri hartuta egingo duen hitzaldia. "Proposamen honekin, ANAKONek kultura, dibertsioa, jarduera fisikoa gastronomia eta, batez ere, pertsonen arteko topaketa uztartzen dituen egitarau askotarikoa eskaini nahi du", amaitu dute.

"Guztiendako ospakizuna"

Azkenik, azaldu dute, Nagusien Asteak ez duela adinekoentzako ospakizuna bakarrik izan nahi. "Zenbat eta jende eta belaunaldi gehiago hurbildu ezkero, denontzat izango da aberasgarriagoa" esan du Josebe Muruamendiarazek, ANAKONeko kideak.

Ildo beretik mintzatu da Maider Morras alkatea ere: Pertsona nagusiei bakarrik ez, beste adin bateko pertsonei ere parte hartzeko deia luzatu nahi diet, aniztasuna eta belaunaldien arteko harremanak sendotzeko". Horrez gain, eskerrak eman dizkio ANAKONi, urte osoan zehar egiten duten lanagatik.

Egitaraua

Irailak 27, igandea

  • 10:30ean: Ipar Nordik, ibilaldi nordikoa monitorearekin. Irteera Biteri plazatik. (Ibilaldiaren amaieran hamaiketakoa herriko plazan).
  • 12:30ean: Poteoa Musikarekin; Biteri plazan.
  • 14:30ean: Herri bazkaria, musika, magia eta umore askorekin; Biteri plazan.

Irailak 30, asteazkena

  • 10:00etan: Bisita gidatua Zientzia Elkartearekin; Herriko Plazan.
  • 12:00etan: Topaketa egunaren aurkezpena; Seber Altuben.
  • 17:30ean: Monologoa, Beatriz Egizabalen eskutik; Kulturaten.

Urriak 1, osteguna

  • 11:00etan: Iturbideko egoiliarrekin belaunaldien arteko paseoa.
  • 12:00etan: Arrasateko lau erretiratuen etxeetako jardueren aurkezpena; Seber Altuben.
  • 17:00etan: Nagusien Astearen itxiera; kulturaten. 
  1. Adinekoen Astearen aurkezpena.
  2. Arrasate Musikalaren emanaldia.
  3. Manifestua irakurtzea.
  4. Hitzaldia Mariasun Landaren eskutik. Zahartzaroa Hizpide.
  5. Ekitaldiaren amaierako luntxa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak