Martxoan hasi ziren lanak eta eraberritzeak 176.159,68 euroko aurrekontua izan du (BEZa barne) eta Zamakoa SA enpresak egin ditu. Egokitzapen proiektuaren garapena eta idazketa, berriz, Arrasateko Biark Studiok egindakoak dira. Obrak iraun bitartean, zerbitzua ez da eten; izan ere, nerabeek Etxaluzen izan dute behin-behineko gunea.
Espazio seguruagoa, irisgarriagoa eta isolatua
Bestalde, Gladys Fernandez Urizar Belaunaldiartekotasun zinegotziak azpimarratu du gune hauek aisialdi hutsaz harago doazela: "Gaztetxokoak nerabeen garapen pertsonal zein kolektiborako hezkuntza ez-formaleko eta sozializaziorako espazioak dira. Udalaren ikuspegi politiko eta sozialetik, gazteak ez dira zerbitzuen hartzaile pasiboak, beren ingurunean eragiteko gaitasuna duten subjektu aktiboak baizik. Espazio seguru, ez-komertzial eta euskaldun hauetan, parte-hartzea, autonomia, elkarbizitza, auzoko sare komunitarioa, sormena eta pentsamendu kritikoa sustatzen dira".
Ikasturte martxan da
San Andreseko gune berrituaren irekierarekin batera, herriko haur eta nerabeei zuzendutako aisialdi hezitzaileko eskaintza osoa jarri du martxan Arrasateko Udalak.
Ludoteka zerbitzua 3-11 urte arteko umeendako dira. Okendo, Santa Marina eta Usaetxeko guneak irailaren 7an ireki ziren, astelehenetik egubakoitzera (17:00-20:00). Matrikula doakoa da eta izen-emateak online (izenemateak.arrasate.eus) edo zentroetan bertan egin daitezke.
Gaztetxokoak 12-17 urte arteko gazteendako zerbitzua dira. Erguin, Musakola eta San Andresko guneak irailaren 8an zabaldu ziren, martitzenetik egubakoitzera (17:00-20:00). Udaletik nerabe guztiak gonbidatu dituzte San Andreseko instalazio berriak ezagutzera.
Azkenik, gazteleku zerbitzuak asteburuko aisialdia eskaintzen du. Nafarroa etorbideko tren geltoki zaharrean dago kokatuta eta gaur bertan, irailak 11, irekiko ditu ateak. Ordutegia egubakoitzetan 18:00etatik 21:00etara izango da, eta zapatu zein domeketan 17:00etatik 21:00etara.
Udal arduradunek azaldu dute informazio gehiago jasotzeko edo zalantzak argitzeko herritarrek Gazte Bulegora jo dezaketela: 943 25 20 65 / gaztebulegoa@arrasate.eus.