Mugikortasuna pertsona guztientzat lelopean, irailaren 16tik 26ra ospatuko dute aurten Mugikortasun Astea. Udalak herritarrak kontzientziatzeko eta mugikortasun eredu jasangarri eta osasungarriak ezagutarazteko eta sustatzeko egitarau zabala antolatu du aurten ere. "Helburua da herritar guztiek garraio jasangarria eta eraginkorra izatea, diru-sarrerak, kokapena, adina, generoa edo dituzten gaitasunak kontuan hartu gabe", adierazi du Udaleko Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotzi Garazi Etxeberriak.
Birzikleta Azoka, hilaren 19an
Bizikletak leku oso berezia hartuko du egitarauan. Batetik, irailaren 19an Birzikleta Azoka egingo da Azoka Plazan –10:30etik 13:00etara–, herritarrek bigarren eskuko bizikletak saleros ditzaten. Bestetik, irailaren 24rako, bizikletak konpondu eta apaintzeko tailer ibiltaria eta Mugi txartelaren funtzionamendua ezagutzeko Escape Room berezia antolatu dute, Biteri Plazan –10:30etik 14:00etara–, Gipuzkoako Aldundiaren eskutik. Birzikleta Azoka izan ohi da Mugikortasun Asteko ekintza arrakastatsua, Udaleko Ingurumen Saileko teknikari Rafa Ugartek aitortu badu ere azken urteetan apur bat behera egin duela: "Wallapop eta halako aplikazioak famatu egin direnetik ez dira ikusten, adibidez, garai batean ikusten ziren bizikletak. Hala ere, ondo funtzionatzen duen azoka da oraindik". Bizikleta bat erosi nahi duenak egunean bertan Azoka Plazara joan, gustukoena aukeratu eta esku-dirutan ordaindu beharko du. Ordea, bizikleta bat saldu nahi duenak materiala dagokion egunean eta lekuan aurkeztu beharra dauka. Saltzaileek, beraz, euren bizikletak Azoka Plazan entregatu beharko dituzte zapatu honetan, hilak 12, 10:00etatik 12:00etara, edota hilaren 15 zein hilaren 17an, 11:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Ugartek zehaztu du egoera onean dagoen edozein material jasoko dutela, patinete elektrikoak izan ezik.
Nobedadea, Plaza Bizi ekimena
Aurtengo berritasun nagusietako bat da Plaza Bizi ekimenarekin elkarlanean antolatutako ibilbide gidatua, herriko parke nagusiak lotuko dituena. Irailaren 19rako, herritar guztiendako 12 kilometroko ibilbidea antolatu dute, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) lorategitik abiatuta –Santa Barbara, Monterron, Etxezarreta eta Olandixoko parkeak zeharkatuko dituzte–, 09:30etik 13:00etara. Irailaren 23rako, erretiratuei egokitutako beste ibilbide bat antolatu dute, 3,6 kilometrokoa eta Monterron, Santa Barbara eta Olandixo zeharkatuko dituena.
Plaza Biziko arduradun Agurtzane Loidik gaineratu du mugikortasun jasangarriarekin lotura estua duten beste ekitaldi batzuk ere antolatu dituztela; irailaren 18an, adibidez, Julen Axpek bakarrizketa egingo du, mugikortasunaren bueltako datuak umorez aztertzeko; MGEPko 7006 gelan izango da, baina herritar orori dago zabalik.
Eskolara Oinez egitasmoa
Bestalde, Udalako Ingurumen Eskolak duela 12 urte sortu zuen Eskolara Oinez ekimenak garrantzi berezia hartuko du Mugikortasun Astean. "Haurrak eskolara oinez joateak eragin handia du herrian: ibilgailu zirkulazio, kutsadura eta zarata gutxiago sortzen dira. Umeek gaur ikasten dituzten mugikortasun-ohiturak biharko ohiturak izango dira", adierazi du eskolako arduradun Kandi Fernandezek. Aurten ibilbide berri bat sortu dute, eta 2027an Arizmendi ikastola batuko da ekimenera.
Azkenik, urtero bezala, irailaren 16tik 22ra doakoa izango da Herribusa. Bestalde, informazio gehiago jasotzeko edo ekintzetan izena emateko: izenemateak.arrasate.eus.
ARRASATEKO MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN ASTEA 2026 - EGITARAUA
- ● Irailak 12, zapatua (10:00-12:00) eta Irailak 15 eta 17, martitzena/eguena (11:00-12:00 eta 17:00-19:00):
- ○ Birzikleta Azokarako material bilketa Udal Azokan. Egoera onean dagoen material garbia jasoko da: bizikletak, trizikloak, patineteak, kaskoak, eskularruak... (Ez da patinete elektrikorik jasoko). Saltzen ez den materiala edo bildutako dirua irailaren 22an bueltatuko zaie jabeiei.
- ● Irailak 13, domeka (9:00):
- ○ Ibilbide gidatua: PR-Gi 106 Arrasate-Arantzazu. Irteera Herriko Plazatik. Izen-emateak: izenemateak.arrasate.eus / 943 25 20 00.
- ● Irailaren 16tik 22ra:
- ○ Herribusa DOAKOA aste osoan zehar.
- ○ Eskolara Oinez ekimena Arrasateko ikastetxeetan, LHko 2. eta 3. zikloko ikasleentzat, Udalako Ingurumen Eskolako irakasleek gidatuta.
- ● Irailak 19, egubakoitza:
- ○ 9:30-13:00: Ibilbide gidatua herritarrentzat: Herriko parkeak (12 km). Ibilbidea: MGEPeko lorategia → Santa Barbara → Monterron → Etxezarreta → Olandixo → MGEPeko lorategia. (Izen-ematea: info@plazabizi.eus / 943 79 31 32).
- ○ 10:30-13:00: BIRZIKLETA AZOKA Azoka Plazan (bizikleten bigarren eskuko merkatua).
- ● Irailak 23, martitzena (9:30-13:00):
- ○ Ibilbide gidatua jubilatuentzat: Herriko parkeak (3,6 km). Ibilbidea: MGEPeko lorategia → Monterron → Santa Barbara → Olandixo → MGEPeko lorategia. (Izen-ematea: info@plazabizi.eus / 943 79 31 32).
- ● Irailak 24, eguaztena (10:30-14:00):
- ○ Bizikletak konpondu eta apaintzeko tailer ibiltaria Biteri Plazan. MUGI sistema ezagutzeko Scape Room-a eta bizikleta doan berrikusteko zerbitzua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.
- ● Irailak 26, zapatua (9:00):
- ○ Mendi ibilbide gidatua: GR 121 Arrasate-Gatzaga. Irteera Herriko Plazatik.
- ● Urriak 17, zapatua (Auzolanean):
- ○ Deba ibaiaren erreka garbiketa.