ALBISTEAK

"Testuinguru ezegonkorrean" dator aurtengo Aurrera Bolie eguna

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

Datorren zapatuan, hilak 19 ospatuko dute Aurrera Bolie eguna eta egitaraua iragartzeko agerraldia egin zuten atzo arratsaldean Monterron parkean. Aurten bosgarrenez komunitatea biltzeko, eskaintza soziala, politikoa eta kulturala uztartuko dituzte egitarauean. 

Aurrera Bolie Eguna irailaren 19an ospatuko dute bosgarrenez. Antolatzaileek azaldu dutenez, dagoeneko "agendetan finkatu eta komunitatean errotu dugun eguna" da. Memoria ariketa batetik abiatzen den eguna dela nabarmendu dute: "Atzera begiratzen dugu, indarra hartzeko, nondik gatozen gogoratu eta aurrera egiteko".

Egungo nazioarteko testuinguru "ezegonkorraren" aurrean, eguna ospatzen jarraitzea bereziki garrantzitsua dela uste dute Aurrera Bolie Ekimeneko kideek. Haien esanetan, jarrera eta ideologia erreakzionarioak gailentzen ari diren honetan, Euskal Herrian alternatiba bat eraikitzeko indarra badago. Testuinguru horretan kokatu dute datorren zapatuko egun osoko egitaraua, memoria, komunitatea eta etorkizunerako eraikuntza ardatz hartuta.

Egun osoko egitaraua prest

Egitarau zabalarekin datoz aurten ere, eskaintza kulturala, soziala eta politikoa uztartuko dituena: 

  • 12:30ean Bermut politikoa, Irati Topalekuan, Sortuko Idoia Zengotitabengoa Laka eta Ernaiko, Maddi Urruzuno Gartziaren eskutik, Oldarraldien aurrean, Euskal Herrian badugu alternatiba
  • 12:30ean Haurrentzako jolasgunea, Biteri plazan.
  • 14:15ean Askatasunaren aldeko topa, Biteri Plazan. 
  • 14:30ean Bazkari herrikoia, Biteri plazan. 
  • 16:30ean Bazkaloste akustikoa, Biteri plazan. Arrasateko hainbat musikarik osatutako OREIXE taldeak kontzertua eskainiko du.  Egun honetarako elkartu dira Izadi, Peru, eta Sex Pistols eta Trabuko taldeko Kepa, Poto eta Aitor.
  • 19:00ean Bizi sintetikoa poesia emanaldia elektronikoa Irati Topalekuan, Leire Vargas poetak eta Jaime Nieto musikariak. 
  • 22:30ean kontzertuak gaztetxean, Burutik, Uda eta DJ Putzu taldeekin. Sarrera 5 euro. Gaztetxeko ateak 22:00etan zabalduko dituzte eta sarreren salmenta momentuan egingo dute.

Bazkari herrikoirako tiketak jada salgai daude Irati tabernan eta erosteko azken eguna irailaren 15 martitzena izango da–enplegudunek 17 euro eta enplegu gabeek 12 euro–. 

Domekan manifestazioa, Donostin

"Testuinguru berezia" baliatuta, atzo arratsaldeko agerraldia, Ernaik domeka honetan egingo duen deialdi nazionala zabaltzeko baliatu zuten. "Faxismoaren aurka eta Euskal Herriaren alde, Euskal Herria irabaztera!" doala aldarrikatu zuten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak