Hilabeteko edo urtebeteko egonaldia izan behar zuena, 29 urtekoa bihurtu da Helen Patricia Cooperrentzako (Newcastle, Ingalaterra, 1972). Arrasateko bizimodua gustuko du, eta aitortu du horregatik bizi dela hemen.
Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa?
Lehen sei urteetan Newcastlen bizi izan nintzen; kale arrunt batean, hiri erdiguneko auzo batean. Nire aita suhiltzailea zen, eta nire ama etxekoandrea, baina gure eskolan ere egiten zuen lan. 6 urterekin, aitak lana aldatu zuen eta Bahrainera joan ginen, Saudi Arabia ondora. Han sei urtez egon ginen, eta Newcastle-ra itzuli ginen; han egon nintzen 18 urtera arte. Unibertsitatera Glasgowra (Eskoziara) joan nintzen Ingeles Literatura eta Hizkuntzako gradua ikastera, eta irakasle izateko masterra ere egin nuen.
Aldaketa handia izango zen Newcastle-tik Bahrainera joatea.
Izugarria. Auzo arrunt batetik, irla desertu batera joan ginen. 70. hamarkada zen, eta orduan, harreman handiagoa geneukan europarrekin bertakoekin baino. Gu britainiar eskola batera joan ginen. Dena ingelesez… Pixka bat arraroa zen. Nire amari ez zitzaion batere gustatzen; ez zuen gidatzen. Herrialde musulman batean zegoen, eta zailagoa izan zen berarendako. Uharte txikia da, baina bizi ginen lekuan ez zegoen ezer; ezta denda bat ere. Urbanizazio batean bizi ginen, zerbitzu askorekin, eta haurrendako oso ondo zegoen.
Eta nola amaitu duzu Arrasaten?
Masterra amaitu nuenean, ez nekien zer egin, eta pentsatu nuen urtebeterako beste herrialde batera joatea. Nire lagun baten neba Arrasaten bizi zen eta akademia batean hasi zen lanean. Hilabete baterako irakasle bila ari ziren uztailerako. Autobusez etorri nintzen Londrestik Bilboraino sanjuanetan. Hilabeteren ostean, itzuli nintzen. Berriro urtebeterako etorri nintzen, eta itzuli. Urtero ez nuen joan-etorrian ibili nahi eta hemen daramatzat 29 urte.
Iritsi zinenean, zer iruditu zitzaizun?
Hona etorri arte hirietan bizi izan nintzen. Sanjuanetan, 04:00etan, parrandan, taberna batetik atera eta etxera joateko Alde Zaharra zeharkatzean, ez nuen arriskurik sentitu. Horrek arreta deitu zidan. Bost pauso eman eta Udalaitzen zaude. Oso ondo bizi naiz hemen.
"Etxetik Udalaitz ikusten dut; gustuko dut hemengo bizimodua, horregatik bizi naiz Arrasaten"
Duela 29 urte atzerritar bat Arrasaten ikusteak arreta deitzen zuen?
Lehen hilabetean ez, baina lehen urtean bai. Atzerritar gutxi zeuden; orain ohikoa bada ere. Esango nuke orain, gehienak behintzat, badirela ingelesa ulertzeko gai. Etorri nintzenean, komunikatzeko arazoak nituen, oso jende gutxik ulertzen zuen ingelesez, eta nik ez nekien ez euskaraz, eta gaztelaniaz ere. Hau esaten ikasi nuen, keinuarekin lagunduz.
Erraz egokitu zara?
Bai. Arrasate ez da herri txikia, baina gehienak ezagutzen dituzu; hirian ez. Arraroa izan zen niretzat.
Ezberdintasunik badago Newcastle-n eta Arrasateren artean?
Otorduen ordutegia. Orain, nire familia guztia Eskozian bizi da eta hara joaten garenean oporretan, badakit zer dagoen. Nire semeak 22 urte ditu, eta asko harritzen da. Afaldu 19:00etan egiten dute. Etorri nintzenean, arratsaldez egiten nuen lan 16:30etik 21:00etara edo. Niretzat afaltzeko ordua zen. Aldaketa handiena hiritik herri batera bizitzera etortzea izan zen, baina uste dut Ingalaterran berdina gertatuko litzaidakeela.
Euskal kulturak zer irakatsi dizu?
Ezin duzu hizkuntza bat bereiztu bere kulturatik; biak batera doaz. Hori orokorrean, ez euskal kulturan soilik. Santamasak gustatzen zaizkit; euskal folklorea. Baserritarrez jaztea. Euskal dantzak asko gustatzen zaizkit, baita herri kirolak ikustea ere.
Zer eramango zenuke hara?
Mendia. Eskozian mendi asko daude, baina hotz handia egiten du han; euri asko. San Andresen bizi naiz, baina etxetik Udalaitz ikusten dut. Gustatzen zait hemengo bizimodua, horregatik bizi naiz Arrasaten.
Atzerritar sentitzen zara?
Lagun batzuk azentuei buruz hitz egiten ari ziren; euskaldunek gaztelaniaz euskal azentuarekin hitz egiten dutela, etab.. Nik galdetu nien ea nire azentua euskalduna zen, eta barrez lehertu ziren. Nirea guiri azentua da. Atzerritarra naiz, baina etxean sentitzen naiz.
Hizkuntzak ikasteko app-etan euskara
Ingeles irakaslea da Cooper, eta euskara existitzen zenik ere ez zekien. Azaldu du Arrasatera iritsi zenean, esan ziotela gaztelania ez zen beste hizkuntza bat zegoela, baina "lasai egoteko. Gaztelaniarekin hasteko, horrekin nahikoa zela". Aitortu du atzera egingo balu, egingo lukeen lehendabiziko gauza izango litzatekeela euskara ikastea: "Orain euskaraz jakingo nuke, baina ez nuen egin. Ikasi dut pixka bat". Hitz egiteko gai ez bada ere, testuingurua badauka ulertzen du, eta hitz solteak ere esaten ditu. Aldarrikapen bat ere egin du: "Duolingo euskaraz edukitzea gustatuko litzaidake, baina ez dago. Game of thrones telesaileko hizkuntza badago, baina euskara ez. Ez zait ondo iruditzen".
Euskaldunez berbetan
Euskaldunak nolakoak garen galdetuta, adierazi du "itxiak" garela esaten dela, baina ez dator guztiz bat: "Esango nuke hori lehen zela; gaur egun ez. Begira gazteak... Uste dut ezin dela esan euskaldunak itxiak zaretenik politikaz, hemen gertatu zenaz, hitz egin barik".