Astelehenean hasiko dira Araba Etorbidea berrurbanizatzeko eta bidegorri berria eraikitzeko lanak

Gontzal Belategi Zubia

Maider Morras alkatea eta Kepa Urteaga Obra zinegotzia lanen aukezpenean.

542.321,42 euroko aurrekontua izango dute lanek. Construcciones Artzamendi enpresak gauzatuko ditu lanak, eta bederatzi hilabetez luzatzea aurreikusten da.

Astelehenean, irailak 7, hasiko dira Araba etorbidea berrurbanizatzeko lanak. Zehazki, Araba etorbideko 30. zenbakitik Takoloko biribilgunerainoko zatia hartuko dute lanek. Construcciones Artzamendi SA enpresa izango da lanak aurrera eramatearen arduraduna, eta bederatzi hilabetetan lana amaituta egotea espero da. Osotara, 542.321,42 euroko aurrekontua izango dute lanek, BEZa barne.

Bidegorri berria lanen oinarri

Obra zinegotzi Kepa Urteagak gaur egindako autkezpenean azaldutakoaren arabera, proiektuak 300 metro inguruko bidegorri tarte berri bat sortuko du oinezkoentzako plataforman integratuta, ibaitik gertuen dagoen espaloian. "Urbanizazioa berrantolatuko dugu bidegorria segurtasunez integratzeko. Horretarako, galtzadaren zabalera zertxobait murriztuko da, baina zirkulazioaren noranzko bakoitzean bide bat mantenduko da beti", adierazi du Urteagak.

Hala ere, bidegorria jartzeaz gain, bestelako lanak ere egingo dira. Aparkalekuak eta zoladura, esaterako ere eraberrituko dira. Egun oinezkoen plataforman dagoen aparkaleku txikia birmoldatu egingo dute, bere kota galtzadaren mailara jaitsiz. Horrenbestez, lanak bukatu ostean ibilgailuek errepidetik aparkatu beharko dute. Horrez gain, aglomeratua azalera osoan berrituko da eta Fagor Elektronika ondoko espaloiaren zoladura ere aldatuko da, bi aldeetako espaloiak estetika berdinarekin bateratzeko.

Lurpeko azpiegiturak berritzeko ere aprobetxatuko dira lanak, bereziki, bereziki ur- hornidura, euri-uren saneamendua eta argiteria publikoa. Energia elektrikoaren eta gasaren hornidura-sareetan eragina duten zatiak ere berrituko dira, eta aireko sare elektrikoaren zati bat lurperatuko da.

Trafiko desbideraketak

Obren hasierak eragin zuzena izango du inguruko zirkulazioan, eta irailaren 7tik aurrera trafiko desbideratze garrantzitsu bat jarriko da indarrean. Lanek irauten duten bitartean, etorbideko errei bat itxi egingo da, txandaka eta zatika. Honen ondorioz, Aretxabaletatik Arrasaterako noranzkoan datorren trafikoa 17 Emakume eta Azeri kaleetan zehar desbideratuko da.

Aurreikuspenen arabera, desbideratze berezi honek bi hilabeteko iraupena izango du. Udalak herritarren ulermena eta laguntza eskatu ditu lan hauen hasierak eragin ditzakeen eragozpenen aurrean. Eremuan kontu handiz eta arretaz zirkulatzeko deia egin.

Lanek eragingo duten desbideraketak azaltzen dituen mapa. (Argazkia: Arrasateko Udala)

Herri jasangarriagoa helburu

Maider Morras alkateak aurkezpenean nabarmendu duenez, Arrasateren trantsizio ekologiko eta sozialera bidean urrats bat emango dute lan hauen bidez: Gure helburua Arrasate jasangarriago bat eraikitzea da, oinezkoen mugikortasuna eta garraio garbiak lehenetsiko dituena. Lan hauekin, gainera, amaitu gabe zegoen lan bati erantzungo diogu: San Andres auzoan kokatutako Araba etorbidearen berrurbanizazioa osatuko dugu, kale osoari amaiera borobila emanez". Alkateak azaldu duenez, proiektu hau herriko auzo guztiak biziberritzeko eta orekatzeko martxan dagoen plan integralaren parte da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak