Arrasateko Sormen Beka Feministak irabazle bi, eta antolatzaileak oso pozik proposamenekin

Jokin Bereziartua Lizarazu

Eva Abuin (Arrasateko Udala) eta Amets Beltran de Gebara (Emakume Txokoa), gaur, bekaren irabazle Itziar Nanclares de Gamboa eta Amaiur Macias Aranbarrirekin.

Arrasateko Sormen Beka Feministaren lehen edizioak baditu irabazleak. Amaiur Macias Aranbarrik (Bilbo, 1994) eta Itziar Nanclares de Gamboak (Gereña, Gasteiz, 1985) 10.000 euroko laguntza jasoko dute euren proiektuak garatzeko. Bi proiektuek begirada feminista eta intersekzionala dute abiapuntu, eta memoria, desira eta sexualitatearen inguruko gaiak landuko dituzte.

Bi irabazleek eskertu egin dute halako beka bat atera izana. "Tamalez, gutxitan ikusten dira halako izaera duten bekak. Une egokian etorri zait, aukera ederra da niretzat kultura sexualaren gaineko lanketa hau egiteko", dio Nanclares de Gamboak. Macias Aranbarrik ere halako beken garrantzia azpimarratu du: "Artista eta sortzaile izatea prekarietatearen sinonimo izan ohi dira... Ondo etorriko zait. Eskertzen da ikuspegi transfeministari eta sexualitateari bultzada ekonomikoa, badago beharra".

Amaiur Macias Aranbarri: "Sortzaile izatea prekarietatearen sinonimo izan ohi da... Sexualitatearen eta ikuspegi transfeministari bultzada bat da, badago beharra"

Herriko bi proposamen ere bai

Udalak eta Emakume Txokoak "poz handiz" hartu dute lehen aldiz plazaratutako beka deialdi horrek izan duen "harrera bikaina". Sei proposamen aurkeztu dira, eta horietatik bi Arrasateko sortzaileek landutakoak izan dira. Modalitateari dagokionez, proposamenak bakarka zein taldean aurkeztu dira, eta hainbat arte-diziplina uztartu dituzte; besteak beste, arte plastikoak, bisualak, eszenikoak, performatiboak, ikus-entzunezkoak eta literarioak landu dituzte.

Itziar Nanclares de Gamboa: "Tamalez, gutxitan ikusten dira halako izaera duten bekak. Aukera ederra izango da niretzat kultura sexualaren gaineko lanketa hau garatzeko"

Deliberazioaren ostean, bi saritu dituzte; batetik, Macias Aranbarriren Desiraren gau asegabea, eta, bestetik, Nanclares de Gamboaren Sexualitateko pedagogia ikusezinen interferentziak. Macias Aranbarrik lan eszeniko bat sortuko du, kabareta eta teatro dokumentala uztartuta. II. Errepublikako emakume eta genero-disidenteen memoria berreskuratuko du, Salome izeneko emakume disidente eta sexu-langilearen historia ardatz hartuta. Musika, mugimendua eta artxibo historikoen ikerketa erabiliko ditu, garaiko kuplea eta gaur egungo trapa elkarrizketan txertatuta. Nanclares de Gamboak, ordea, instalazio artistiko baten bidez aztertuko du sexualitatea nola eraikitzen den egunerokoan jasotzen diren mezuen bidez. Familia, eskola, sare sozialak, komunikabideak, publizitatea eta harreman pertsonalak izango ditu ikergai gasteiztarrak. Soinua, bideoa, argazkia eta testua uztartuko ditu, kultura zis-heteropatriarkalak ezartzen dituen mezuak zalantzan jartzeko.

"Kalitate handiko" lanak

Aurkeztutako sei proiektuen "sendotasuna eta kalitate handia" azpimarratu du epaimahaiak, eta baita sormen-lanen "izaera interpelatzailea" ere. Gainera, gaurkotasun handiko gaiak dira; izan ere, transfeminismoa, sexu eta genero-disidentziak, eta orientazio sexualen inguruko hausnarketa urratuko dituzte saritutako sormen-lanek. Bi sortzaileek bederatzi hilabete izango dituzte lanak garatzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak