ALBISTEAK

Katuak adoptatzeko jende bila dabil Arrasateko Kaonbi elkartea

Gontzal Belategi Zubia 2026ko abuztuaren 28a

Katuak Ondo Bizi elkarteak 50 katu inguru ditu gaur egun bere egoitzan. Egoera ikusita, herritarrei katuak adopzioan jasotzeko deia luzatu diete eta jendearen bila dabiltza, bestela, katuak berriro ere kalean amaitzeko arriskua egoten da-eta.

Irabazi asmorik gabeko elkartea da Kaonbi, eta boluntarioak arduratzen dira egoitzan zein kolonietan dauden katuak zaintzeaz. Elkarteak "izaki bizidunen zaintza" duenez oinarrian, egun osoko jarduna eskatzen die, eta lan oso sakrifikatua dela azaldu dute.

Adopzioaren aldeko deia egin dute baina nolakotasunean jarrita fokua; izan ere, "ardurarekin adoptatuko duen jendea gura dute eta ez kapritxoz". Esterilizazioan ere jartzen du fokua elkarteak, katuen biztanleria gutxitzen joateko oinarrizkoa izaten da eta.

Elkartearen jarduna aurrera eramateko, elkarteak hainbat behar ditu gaur egun, eta Arrasateko Udalari hainbat eskakizun luzatu izan dizkiotela azaldu du elkarteko kide Arrate Moragak: "Animalien Ongizaterako Legea betetzea eskatzen dugu, eta bide horretan oso garrantzitsua da kaleko kolonietan kalitatezko etxolak jartzea, boluntarioak gabiltzalako horiek mantentzen. Bestalde, elikatu ahal izateko laguntza ekonomikoak ere behar ditugu".

Horrez gain, elikatze-txartelak jasotzeko eskaera ere luzatu diete instituzioei, animaliak elikatzera doazenean beraien burua identifikatu eta babes instituzionala izateko.

Elkartearekin harremanetan jarri gura duenak honako telefono zenbakira deituta egin dezake: 695 42 65 96; baita sare sozialen bitartez ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak