Iaz Bordelen jokatutako txapelketan egon ziren, ezustea emanez. Aurten, bide hori berretsi dute Smatlog Ointxeko neskek, eta Azerbaijanera iritsiko dira, bost txapelketa (Espainiako Kopa barne), hiru hirugarren postu (horietako, bi nazioartekoak) eta egutegiko txapelketa ospetsuenetako batzuetan, etengabeko presentzia lortu ondoren.
Sea Breezen nazioarteko 16 talde lehiatuko dira. Smartlog Ointxe zuzenean sartzen da fase nagusian. Sailkapen-fase baten ondoren, hiru taldeko lau multzo osatuko dira. Multzo bakoitzeko lehenengo biak final-laurdenetara sartuko dira. Arrasateko taldeak jokatu beharreko partiduak izango dira abuztuaren 15ean: 15:50ean Neftchi Socar taldearen kontra, eta 19:30ean, Yanjingen kontra.
Lehiaketan zehar taldea ofizialki Arrasate Ointxe izenarekin lehiatuko da, FIBA zirkuituaren araudiak ez baitu baimentzen babesle komertzialak erabiltzea taldeen izen ofizialean.
Maila handiko txapelketa
FIBA 3x3 Women Series munduko emakumezkoen zirkuitu profesional garrantzitsuena da. 2026 denboraldian zehar 25 txapelketa izango dira, hainbat herrialde eta hiritan banatuta. Txapelketa bakoitzak puntuak ematen ditu munduko ranking baterako, tenis profesionalean dagoenaren antzekoa. Txapelketaren maila ulertzeko nahikoa da datu bat: FIBAko rankingean Smartlog Ointxeko jokalari onena Izar Bedia da, munduko 3.800 postuaren inguruan kokatua, eta aurrez-aurre, munduko rankingeko 100 onenen artean dauden jokalariak izango ditu.
Urrats bat gehiago
Urte hasieran urrats bat gehiago ematea erabaki zuen Ointxe!-k, hiruko saskibaloiaren saila sortuz, bai emakumezkoetan, bai gizonezkoetan. Emaitzak ezin hobeak izan dira. "Gure helburua proiektu lehiakorra eta iraunkorra eraikitzea zen. Orain munduko talde onenetako batzuekin lehiatu ahal izateak bide onetik goazela baieztatzen du ".