ALBISTEAK

Espainiako Kopa irabazita, munduko txapelketan lehiatuko da Ointxe

Eki Letona Erretolatza 2026ko abuztuaren 5a

Uztailaren 26an Tenerifen 3x3ko Espainiako Kopa irabazi ostean, Smartlog Ointxe 3x3 taldeak beste albiste garrantzitsu bat jaso du: abuztuaren 14tik 16ra Azerbaijanen jokatuko den FIBA 3x3 Women’s Series txapelketan parte hartzeko gonbidapena. Hala, Arrasateko taldeak munduko 3x3ko talde onenen aurka lehiatzeko aukera izango du berriro ere.

Espainiako Kopan, Lara Gonzalez, Mama Dembele, Izar Bedia eta Irene Muruak osatutako laukoteak jokatutako sei neurketak irabazi zituen, finalean Logroñoko Agua y Jardin taldeari 18-10 irabazita."Oso ondo, egia esanda, perfekto irten zitzaigun. Sei partidutik sei irabazi genituen eta oso pozik gaude egindako lanarekin", adierazi du Irene Muruak. Izar Bediak ere taldearen lana nabarmendu du: "Oso harro gaude egindako lanagatik. Esperientzia oso polita bizi izan genuen eta garaipenarekin amaitu genuen txapelketa".

Defentsa eta elkartasuna gakoak

Muruaren ustez, defentsak markatu zuen aldea. "Oso defentsa gogorra egin genuen sei partidetan. Erasoan ere fin ibili ginen, baina batez ere defentsagatik irabazi genuela uste dut". Bediaren esanetan, berriz, taldearen batasuna izan zen arrakastaren gakoa: "3x3an garrantzitsuena elkartasuna eta harremana dira, eta guk hori badugu".

Munduko txapelketa Azerbaijanen

Orain, Smartlog Ointxeren hurrengo erronka Azerbaijanen izango da. "Orain nazioarteko txapelketa jokatuko dugu Azerbaijanen, Arrasate Ointxe bezala, eta oso ilusio handiz goaz", azaldu du Muruak. Izar Bediak ere ilusio bera erakutsi du: "Nazioarteko txapelketa jokatzeko txartela lortu dugu, eta aukera oso berezia izango da".

Iaz Bordelen Women’s Series txapelketan parte hartu ostean, Arrasateko taldeak nazioarteko zirkuitu nagusira itzuliko da. Abuztuaren 14tik 16ra munduko 3x3ko talde onenen aurka lehiatuko da.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak