Agur Arrasateko Buenuena jatetxeari, 71 urteren ostean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko uztailaren 28a

Arregi-Lizundia familiakoak izan dira Buenuena jatetxeko arduradunak. Argazkian, ezkerretik eskuinera: Juan, Arantxi, Presen, Angel, Txaro eta Jesus.

1955eko otsailaren 4an ireki zituen ateak Casa Bueno jatetxeak Arrasateko Nafarroa etorbidean, Txapel taberna zegoen lekuan. Buenuena da 1996a ezkero eta 2026ko uztailaren 30ean itxiko ditu ateak behin betiko. Alegia, Agustin Arregi Bueno eta Presen Lizundia senar-emazteek abiatutako familia-negozioa amaitzera doa. Josemari Velez de Mendizabalek ere eskaini die artikulua bere blogetako batean. 

Casa Bueno 1955ean ireki zuten Presen Lizundiak eta Agustin Arregi Bueno-k. Garai hartan, Union Cerrajera martxa betean zegoen garaietan, beste hainbat taberna ere bazeuden ondoan. "Nafarroa etorbidea benetako etorbide bat zen. Oso polita zen, zuhaitzez inguratuta. Mugimendu handia zegoen gune hartan; garai hartan Zerrajerako langileak ziren, gutxienez, gure bezeroen erdia", adierazi du duela lau urte erretiratu zen Juan Arregik. Correos ere taberna ondoan zegoela gogoratzen du: "Arrasateko lehen Correos izango zen... Karteroek beti egiten zuten geldialdia tabernan. Eguneko menu ugari ematen genituen orduan, baita asteburuetan ere". 

Presen Lizundia eta Agustin Arregi 'Bueno', Buenuena jatetxeko jangelan; eurek abiatu zuten negozioa. Argazkia: Arregi-Lizundia familia. 

Zazpi-anai arrebak aritu dira bertan lanean 71 urte hauetan: Josetxo, Juan, Txaro, Angel, Jesus, Arantxi eta Agustintxo. Azken urteetan Txaro, Arantxi, Angel eta Jesus arduratu dira jatetxeaz, eta horiei ere heldu zaie erretiroa hartzeko ordua. 

"Lan asko" egin ostean, "sentimendu kontrajarriak"

Garai batean egunero irekitzen eta azken urteetan domeka hartuta atseden egun bezala, lana lepo egin dutela dio 13 urte zituenetik, 48 urtez, etxeko negozioan aritu den Arantxa Arregi Arantxi-k: "Asko, asko. Lan asko egin dugu. Lehen gehiago, baina azken urteetan ere ez zaigu lanik falta izan. Anaia nagusia-eta erretiratu izana asko nabaritu dugu. Kontua da familiakoa ez denik ez dela lanera sartu; koinata eta koinatuek egon izan dira lanean, baita ilobaren bat ere, baina geratzen garen laurok goizeko zortzietatik gaueko hamaiketara aritu izan gara". 

Arantxi Arregi, erretratu zaharrei begira. 

Arregik dio sentimendu kontrajarriak dituztela. Pena ematen diela, batetik, baina erretiratzeko gogo izugarria ere badutela, bestetik. Bereziki penatuta daude egunero bazkaltzera joan ohi diren bezero horiekin. Tristura eragiten dien gai horri ere, baina, umorez erantzun nahi diote: "Hau anekdota bat da. Aurrekoan komentatzen genuen ea bezero finko horiek zer egin behar izan zuten. Izan ere, egunero etorri izan dira bazkaltzera, ia hutsik egin gabe. Orduan komentatu genuen aukera bat izan zitekeela elkarte gastronomikoetako batera joatea eta bertan Txaro sukaldari lanetan jarrita bertan bazkaltzea. Horrela, Buenuena-n bezala jarraituko genuke". 

Etorkizunera begira ez dute ezer lotuta 

Azken egunean, uztailaren 30ean, Txorbela otxoteak abestuko du arratsaldeko zortzietan, eta bertaratzen denarentzat mokadua hartzeko aukera egongo da. Eta uztailaren 30etik aurrera zer gertatuko den galdetuta, diote oraindik ez dagoela ezer lotuta. Familiak jatetxea saltzea nahiko luke; betiere, posible balitz, zerbitzu berbera ematen jarraituko zukeen bati. Badakite, baina, oso zaila egongo dela. "Nire asmoez egingo dizut berba. Abuztua oporretarako eta deskonektatzeko hartuko dut eta gero, irailean itzultzen garenean, anai-arrebok eseriko gara eta ikusiko duzu zer dagoen", dio Arantxi-k. 

Jesus Arregi barran, txikito bat ateratzen. 

Eguneko menuak 75 pezeta balio zuenekoa

71 urte zabalik, azkar esaten da. Gainera, gaur egun gero eta gutxiago dira betiko etxeko janariarekin  eguneko menua ematen duten Arrasateko jatetxeak. Gogoan dute, adibidez, 1968an eguneko menuaren prezioa 75 pezetakoa zela, arrasatear askok 375 pezeta ordainduta bertan bazkaltzen zutela astelehenetik egubakoitzera. 

Arrautza-banatzailearen azken bisita sukaldera. 

Gaur egunera etorrita ere Buenuenan ez dagoelako QR bidez menua irakurtzerik, Buenuenan menua unean bertan esaten zaiolako bezeroari. Hutsunea utziko dute, bereziki, betiko bezero horiengan. "Nik uste dut baietz, utziko duela hutsune bat. Nahi edo ez, 71 urte dira eta herrian oso ezaguna izan den jatetxe bat izan da. Ez dakit oso ondo nola azaldu, baina gure etxea betidanik ezagutu duten horiek, Casa Bueno ezagutu zuten horiek, badute pena hori, bidea hemen amaituko delako". Eta, hain zuzen ere, azken esker on mezua eguneroko bezero horientzat dauka Arantxi-k: "Mila-mila esker. Bereziki egunerokoan ditugun bezero horiei; izugarri maite ditut, sekulako pertsonak dira. Konfiantza handia egin dut eurekin... Geratzen zaidana muxu pila bat bidaltzea… eta kalean ikusiko gara!".

Jatetxeko terraza, Jokin Zaitegi plazan. 

Athletic-zaleen topaleku

Athletic-zaleen topaleku ere izan da Buenuena urte luzez, Imanol Etxebarria lagunartearen egoitza; aurrerantzean elkarte gastronomikoren baten batuko dira talde zuri-gorriaren partiduak astero-astero jarraitzeko. Anai-arrebek badakite aldaketa handia izango dela euren bizitzetan, Buenuenan pasatu dutelako etxean baino askoz ordu gehiago. Oraingoz, abuztuan deskonektatu eta irailetik aurrera "ikusiko da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak