Arrasateko alkate orde Kepa Urteagak azaldu duen moduan, sua Sindikatuen Etxea moduan ezaguna den eraikinaren beheko partean piztu da. Antza, erosketak egiteko karro bati eman diote su lehenengo, kanpoan, eta hutsik dagoen eraikineko lokal barrura sartu gero. Ondorioz, barruan kalteak eragin ditu suak eta atari guztian zabaldu den kearen ondorioz, momentu horretan –05:00ak pasa heldu dira Oñatiko eta Legazpiko suhiltzaileak– eraikinean zeuden bederatzi pertsona ospitalera eraman dituzte kea arnasteagatik. Denak, baina, etxean dira bueltan berriz, onik.
Suhiltzaileak iritsi direnean sua itzali, erretako espazioa garbitu eta bentiladore bat jarri dute barruko kea kanporatzeko. Anbulantzietan –bat normala eta bestea medikalizatua– joandako osasun arloko profesionalekin batera etxez etxe joan dira eraikineko bizilagunak zelan dauden ikusteko eta lehen balorazioa egiteko. Ordu pare bat eskas egin dute suhiltzaileek.
