Arrasateko Euskararen Herri Plana aho batez onartu du udalbatzak

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko uztailaren 22a

Aho batez onartu du udalbatzak Arrasateko Euskararen Herri Plana.

Hamar urteko plana da, "euskara eremu guztietan indarberritzeko helburua" duena, eta udalbatzan ordezkatuta dauden lau alderdi politikoek babestu dute. Era berean, Iturripeko proiektua aurrera doa, baita terrazen ordenantza ere. 

Uztaileko osoko bilkura egin du Arrasateko udalbatzak eta hiru puntu nagusitu dira: Arrasateko Euskararen Herri Plana, Iturripeko proiektua gauzatu ahal izateko mailegua eta terrazen ordenantza.

Euskararen Herri Planari dagokionez, aho batez onartu dute eta hamar urtekoa izango da (2026-2036), Arrasaten euskara indarberritzea eta euskaldunak ahalduntzea helburu hartuta. Joseba Ezpeleta Euskara zinegotziak gogorarazi duenez, 2024ko abenduan udal barrurako plana onartu zuten. "Baina euskararen normalizazioak ez du udaletxeko hormen artean gelditu behar eta horregatik da funtsezkoa herri mailako ikuspegia eta plana bera", nabarmendu du.

Kepa Urteaga EH Bilduren udal bozeramaileak gaineratu du euskara kontrako sekulako oldarraldia jasaten ari da. "Hori dela eta, guk geuk hemendik ez badugu bultzatzen, herriak ez du sinistuko. Herriak ez badu erabiltzen, gero guk hemen ezer gutxi egin dezakegu. Beraz, herri mailako erabilera plana onartzeak ekarriko du udaletxean ere euskara izatea ardatz".

EAJ ere pozik dago. "Oso garrantzitsua da plana eta aho batez onartu izana ere inportantea da. Ikusten ari gara zenbat eraso judizial jasaten ari den euskara. Herri plan bat da, eragileekin egindakoa. Beraz, eragile horiek zoriondu behar ditugu eta eskerrak eman, baita Udaleko Euskara sailari ere", adierazi du Ander Garay jeltzaleen udal bozeramaileak. 

Dokumentuaren "izaera parte-hartzailea" azpimarratu du Gobernuak ere. "Diseinua herritarrekin eta herriko euskalgintzarekin batera osatu da, saio irekien eta arduradun politikoekin egindako lanaren bidez". Ezpeletak dio "normalizazio osoa" ez dela posible "herritarren inplikaziorik gabe" eta, beraz, lau lan-ildo nagusi izango ditu planak. 

Batetik, gobernantza, "erakundeen eta eragileen arteko elkarlana eta lidergoa sendotzeko"; bestetik, ezagutza eta gaitasuna, "herritarren euskara maila eta trebetasuna garatzen jarraitzeko"; era berean, jarrerak eta motibazioa, "erabileran eragingo duten jarrera proaktiboak sustatzeko"; azkenik, erabilera "euskara herriko txoko, belaunaldi eta jarduera guztietan bermatzeko".

Iturripe egiteko mailegua

Horrekin batera, epe luzeko kreditu eragiketa kontratatzea onartu du udalbatzak, banku-maileguko kontratu baten bidez. Gaur-gaurkoz, lizitazio prozesuan dago proiektua eta aurreikusten dute irailean edo urrian esleitzea enpresa bati. "Urrats burokratiko batzuk falta dira, baina urte bukaerarako lanak hasteko moduan izango dira", azaldu du Urteagak.

EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Arrasatek alde bozkatu dute, baina EAJk kontra, orain artekoari eutsiz. Iturripeko proiektuaren alde daudela dio Garayk, baina finantzatzeko moduarekin ez dutela bat egiten. "Esan izan dugu behin eta berriz, finantzatzeko beste modu bat badagoela eta ganorazko finantziazio bat egin daitekeela, urtez urte diru kopuru bat gordez proiektu horretarako. Ez da horrela egin, agintaldi osoan Gobernua inprobisatzen ibili delako, orden barik. Ez du aurreikusi proiektuaren handitasuna".  

Urteagak zera erantzun dio. "Herri honek datozen urteetara begira izango duen proiektu handiena gauzatzeko ezinbesteko pausoa da mailegua. EAJk dio proiektuaren alde dagoela baina etengabe aurka bozkatzen du. Haiek jakingo dute. Gu gauzak aurreratzen ari gara, pausoak ematen, eta uste dugu, gainera, herritarren gehiengoak proiektua babesten duela". 

Ildo beretik egin dute berba gainontzeko bi alderdiek ere. "Ados gaude Iturripe egiteko kreditua eskatzearekin eta soberakina beste proiektu batzuetara bideratzearekin", azaldu du PSE-EEko zinegotzi Johanna Sanchezek, eta zera gaineratu Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek. "Pena handiz hartu dugu EAJk aurka bozkatu izana, herriak kiroldegia behar duelako. Ez dugu ulertzen pleguen alde egon eta finantziazio ereduaren aurka bozkatzea".

Terrazen ordenantza ere, aurrera

Terrazen ordenantzari egindako alegazioen ondorioz, hainbat funtsezko hainbat aldaketa egin dituzte dokumentuan eta, beraz, berriz onartu dute –hori ere aho batez–. 

Aldaketei dagokienez, lehena herritarren aldetik etorritako eskaria izan da. Hala, neguan, eguenak astegun bezala kontsideratuko dituzte eta, beraz, ordutegia aldatuko da –orain arte asteburuko ordutegia izan da eguenetan–. Bestetik, tabernariek egindako eskaera baten harira, udako egutegia zabalduko dute. Hau da, ekainaren 1etik irailaren 30era izan beharrean, maiatzaren 15etik urriaren 14ra.   

Udalbatzatik pasa ostean, beste 30 egunez egongo da ikusgai buletinean eta, epe hori gainditzean, onartuta geratuko da ordenantza. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak