MLAKOOP-ek 60. urteurrena ospatu du, "etorkizunera begira"

Mireia Bikuña Madrid 2026ko uztailaren 17a

Kooperatibak 150 pertsona inguru bildu ditu aintzatespenak, berrelkartzeak eta etorkizunari begira egindako ekitaldi instituzional batean. Erakundeen eta lurraldeen eraldaketaren bidean, bere zerbitzu-eskaintza zabalarekin "aurrera jarraitzea" du helburu.

Erakundeetako eta Mondragon-eko ordezkari, bazkide eta bazkide ohi, langile, bezero, kolaboratzaile, hornitzaile eta kooperatibako beste aliatu batzuk batu dira Mondragon Lingua-Alecopen (MLAKOOP) 60. urteurrenean. Ospakizunak izaera instituzional nabarmena izan du, baina aldi berean hurbila eta hunkigarria ere izan da. Topagune izan da MLAKOOP-en sei hamarkadako ibilbidearen parte izan diren pertsona eta erakunde guztiei aitortza eta esker ona adierazteko.

Kooperatibaren ibilbidea errepasatu dute: 1966an On Jose Maria Arizmendiarrietaren inspiraziopean Alecop sortu zenetik, CIM Arrasateko Hizkuntza Zentroaren (gerora Mondragon Lingua) bilakaeraraino. "Arrasaten sortutako bi proiektu, eremu desberdinetatik jardun arren, bokazio bera partekatu dutenak: ezagutza pertsonen, erakundeen eta gizartearen zerbitzura jartzea", azpimarratu dute. Era berean, MLAKOOP-em bideo korporatibo berria aurkeztu dute.

Etorkizunerako erronkak

Atzera begiratua egiteaz gain, etorkizunera begira ipintzeko erabili dute ekitaldia. Alegia, kooperatibaren etorkizuneko ildo nagusiak. "Jarduera-esparru desberdinetatik eraikitako proposamen anitz batean oinarritzen da: Hizkuntza Prestakuntza, Talentua, Prestakuntzarako soluzio teknologikoak, Itzulpengintza & Komunikazioa, Industria Muntaketak eta Mexikoko Mondragon Unibertsitatea".

Eta, gaineratu dute, kooperatibak erakundeendako funtsezkoak diren erronkei erantzuten jarraitu gura duela: "Pertsonen garapena, talentua erakartzea eta fidelizatzea, etengabeko prestakuntza, nazioartekotzea, komunikazio eleaniztuna, prestakuntzaren eraldaketa teknologikoa eta hezkuntzaren, enpresaren eta industriaren arteko lotura. Etapa berri horretarako funtsezko ideia bati eusten diogu: erakunde
bakoitzaren benetako beharretara egokitutako irtenbide erabilgarri eta hurbilak sortzen
jarraitzea, gure sustrai kooperatiboei eta ingurunearekiko konpromisoari eutsiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak