ALBISTEAK

Maiatzaren 15ekoa da aspaldian erregistratutako euri kopururik altuena: 30 litro

Goiatz Arana Begiristain 2026ko uztailaren 16a

Euskalmeten Arrasateko estazio meteorologikoan jasotako datuen arabera, uztaileko lehen hamabostaldian bi egunetan bakarrik egin du euria, eta botatakoa hutsaren hurrengoa izan da: 0,1 eta 0,2 litro metro koadroko 24 ordutan.

Ekaina ere ez da hobea izan: egun bakar batean egin du euri dezente –11 litro–; beste batean, horren erdia; hortik behera, prezipitazioak izandako gainontzeko egunetan; eta, hileko egun erdietan baino gehiagotan, ez du tantarik ere bota. Maiatzaren 15ekoa da aspaldian erregistratutako euri kopururik altuena –30 litro–, baina, biharamunetik hilabete amaierara arte, bi egunetan soilik egin du euria, eta oso-oso gutxi. Ordea, Urkuluko urtegiaren betetze-maila %90ekoa da uneotan, eta, gaur gaurkoz, ur falta ez da arazo.

Euria egiteko "beste modu bat"

Aemet meteorologia agentziaren aurreikuspenen arabera, "udan euri gutxiago egingo du, baina ez aurreko urteetan baino askoz gutxiago, eta, beraz, espero da batutako ur kopurua ohiko parametroen barruan kokatzea".

Euria "beste modu batean" egingo duela ohartarazi du, ordea: "prezipitazio-egunen arteko lehorraldiak luzatu egingo dira, eta, euria botatzen duenean, kolpean botako du", Mediterraneoan gertatzen den moduan, eta gurean ere geroz ohikoagoa bihurtzen dabilen moduan.

Prezipitaziorik ez, eta graduak sobera

Udaren etorrerak beroa ekarri du berekin. Inoizko tenperaturarik altuenak erregistratu dituzte gure herrietako termometroek, abisu hori, laranja eta gorriak bata bestearen atzetik aktibatu dituzte, eta beroaldiak ohi baino egun gehiagotan luzatu dira. Aurtengo ekaineko bero bolada inoiz ekainean izandako luzeena izan dela esan du Euskalmetek, eta goitik ibili dira tenperaturak uztaileko lehen egunetan ez ezik azkenotan ere; zapatuan bertan, Arrasateko estazio meteorologikoan 39 gradu erregistratu ziren, eguerdiko ordu bietan. 

Aemetetik adierazi dute "uda beroa, inoizko beroena", izatea aurreikusten dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak