Inoizko egitarau zabalena izango dute Arrasateko Santa Marina auzoko jaiek

Ibai Irasuegi Garai 2026ko uztailaren 14a

Aurtengo Santa Marinako jaietako egitarauaren aurkezpen-argazkia. Argazkia: Goiena.

Eguenetik domekara arteko egitarau zabala prestatu du jai batzordeak aurtengo Santa Marinako jaietarako. Ohi moduan, Agerre plazan eta auzoko tabernetan izango dute leku egitarauko ekintza gehienek, eta, berritasun nagusi bezala, iaztik Santa Marinako maskota den hontzaren kiliki bat egin dute "auzoko jaien irudia indartzeko".

Eguen honetan hasiko dira Santa Marinako jaiak Arrasaten, eta iaz eratu zen Santa Marinako jai batzordeak egitarau zabala antolatu du "arrasatear guztien" gozamenerako. Eguenetik domekara, adin guztietarako ekintzak antolatu dituzte, eta musika eta Agerre plazan egingo dituzten ikuskizunak izango dira protagonistak aurtengo jaietan. 

Hasiera gozoa

Berritasun batzuekin dator aurtengo Santa Marinako jaietako egitaraua, eta nabarmenetako bat da eguenean, ohi baino egun bat lehenago, hasiko direla jaiak. Horretarako, arratsaldean, txokolatada antolatu dute Santa Marina elkartean jaei hasiera gozoa emateko, eta, horrez gain, 18:30ean, pintxo potea egingo dute auzoko tabernetan. 

Eguen arratsaldean hasiko dira Santa Marinako jaiak: txokolatada eta pintxo potea izango dira lehen ekintzak

Egubakoitzean auzoko maskotaren aurkezpena izango da egitarauko lehen ekintza 18:45etan. Iazko jaietako berrikuntzetako bat izan zen maskota bat egin zutela jaietako bereizgarri bezala. Hala, geroztik, auzoan hontza erabili dute irudi bezala, eta, aurten, kiliki bat egin dute "jaietako irudia indartzeko". 

Jarraian, txosnaren irekiera eta txupinazoa egingo dute, eta Erraldoi eta Kilikien konpartsak Santa Marinako kaleak dantzan jarriko dituzte 19:15etan. Egipe elkartean garagardo dastaketa egingo dute 19:15ak aldera, eta, ondoren, pintxo potea egingo dute auzoko tabernetan. Azkenik, DJ Iver disko jartzaileak musikaz girotuko du Agerre plaza gaueko hamarretatik aurrera.

Zapatuan, musika nagusi

Zapatu goiz partean bolo txapelketa, zumba tailerra, txaranga eta bermuta egingo dira auzoan, eta, ondoren, auzo bazkaria egingo dute Makatzenako frontoian. Arratsaldeari dagokionez, musika izango da nagusi, eta estilo askotariko kontzertuak entzun ahalko da bai plazan eta bai auzoko tabernetan.

Musika estilo askotariko kontzertuak egingo dituzte Agerre plazan eta herriko tabernetan

Kontzertuei dagokienez, 18:30ean Brock & Collie eta Orekakero punk rock taldeek kontzertua emango dute Aldapa tabernan. Even raperoak kontzertua emango du Montserrat tabernan, eta, ordu erdi geroago, 19:00etan, Ginka Biloba taldeak kontzertua emango du Donosti tabernan. 20:00etan Monterey Taberna musikaz girotuko du Ghetto de Luxe taldeak, eta Psycho-Clown Perkusio taldeak eta Sedientos de Cumbia taldeek kontzertu bana emango dute Agerre plazan. 

Haurrentzako eta helduentzako

Domekan haurrentzako eta helduentzako ikuskizunak egingo dituzte goizetik gauera bitartean. Goiz partean, 11:00etan hasita, haurrentzako puzgarriak eta apar festa egingo dituzte arratsaldeko hiruak arte. Tartean, Pontx pailazoak ikuskizuna egingo du 12:00etan. Biak ala biak Agerre plazan izango dira. 

Aurten, txu-txu trenak zapatuan eta domekan egongo da: egun bakoitzean bi irteera egingo ditu.

Santa Marinatik harago ere, zenbait ekintza antolatu dituzte aurtengo jaietako egitarauaren bueltan. Esaterako, domeka eguerdi partean urdaiazpiko moztaile bat egongo da Makatzenako frontoian, eta sagardo kupela ere jarriko dute.

Horrez gain, aurten ere ez da faltako Txu Txu trena, eta berritasun bezala, zapatuan eta domekan egingo ditu irteerak Arrasateko kaleetan zehar. Egun bakoitzean bi irteera egingo dira, arratsaldez biak:  13:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.

Arratsaldean bi ekitaldik amaituko dituzte jaiak. Batetik, Monterrey tabernan egingo den Low Cost de Luxe taldearen kontzertuak, eta, bestetik, 22:00etan hasita, Agerre plazan egingo den Monerva Arbues umoregilearen Mea Culpa bakarrizketa umoretsuak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak