Iñaki Jauregialtzok, Mikel Olabek, Isidro Jarak eta Josean Lakunzak egin dute agerraldia. Azaldu dute maiatzaren 11n egindako batzar batean lortu zutela Udalaren konpromisoa eta hiru urteko lanketaren ostean heldu dela. Gaineratu dute hobekuntza nabarmenak ekarriko dituela bizilagunendako.
Bi igogailu eta landaredia hobetzeko egitasmoa adostu dituztela aurreratu dute. Igogailu berriari dagokionean esan dute Bizkaia etorbidean lehendik dagoen igogailuaren lehen solairutik abiatuko dela azpiegitura berria, Gernika pasealekutik. Lanak urtea amaitu aurretik hastea aurreikusten dute.
Udalak landaredia hobetzeko lanak egiteko konpromisoa ere hartu duela esan dute Gorostiza auzo-elkarteko ordezkariek. Azaldu dute auzoa sortu zenean landaredia asko sartu zela bertako lorategietan, baina gerora kendu egin zirela eta badagoela zer hobetu.
Etorkizunerako eskaerak
Pozik dira Gorostiza auzoan Udalarekin lortutako adostasun mailarekin. Proiektu gehiago ere badituzte, esaterako, Kalealdea eta Erguin kaleetako irisgarritasuna hobetzeko igogailu edo arrapala sistema lantzea edota Larragain kaleko frontoia berritu eta pilota jardueretarako egokia den azpiegitura bat egitea.
Orain 45 bat urte eraiki zen Gorostiza auzoa. 465 etxebizitza daude eta Arrasateko biztanleriaren %9,5 bizi da bertan. Auzoak biztanleen ongizatea eta irisgarritasuna hobetzeko neurriak behar dituela azpimarratu dute.